Gizartea -
Indarkeria matxista
Barakaldoko sexu-erasoaren bi ustezko egileak atxilotu dituzte
Erasoa astelehen gauean gertatu zen Bizkaiko herriko eraikin batean. Biktimak atzo aurkeztu zuen salaketa. Barakaldoko Udalak iragarri du herri-akusazio gisa parte hartuko duela auzian.
EITB.EUS
Ertzaintzak 19 eta 20 urteko bi gizon atxilotu ditu gaur, Barakaldon, emakume batek astelehen gauean jasandako sexu-erasoaren egileak direlakoan. Erasoa astelehen gauean jazo zen, Barakaldoko eraikin batean.
Biktimak atzo jarri zuen salaketa, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen ustezko erasotzaileak atxilotzeko asmoz. Hain justu, gaur goizean bi gizon atxilotu ditu polizia autonomikoak, eraso matxistaren ustezko egile gisa.
Barakaldoko mugimendu feministak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko, 18:00etan, Herriko Plazan.
Bestalde, Barakaldoko Udalak iragarri du herri-akusazio gisa aurkeztuko dela auzian.
Amaia del Campo alkateak Zigor Kodea eguneratzeko eskatu du, "emakumeen aurkako delitu higuingarri horiek merezi duten zigorra jaso dezaten". Alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du, eta bertan adierazpen instituzional bat onartu dute, baita mugimendu feministak gaur arratsaldean deitutako elkarretaratzea babestu ere.
Del Campok esan du dei egin nahi diela "astelehenetik aurrera gobernu gisa eratzeko betebeharra duten Madrilgo politikariei", eta eskatuko liekeela "lehen zeregin gisa jar dezatela Zigor Kodearen eguneraketa, emakumeen aurkako delitu higuingarri horiek merezi duten zigorra jaso dezaten".
Alkatea Clara Campoamor elkartearekin harremanetan jarri da, prozeduran "eskutik helduta joateko".