Gizartea -

Pentsio duinak

Pentsiodunak Diputatuen Kongresura heldu dira, 'neurriak' eskatzeko

Agintari politikoei pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzea egin dute Diputatuen Kongresuaren aurrean, Madrilgo Puerta del Soletik abiatu ostean.

Bizkaiko pentsiodunak Madrileko kaleetan barrena. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Bizkaiko pentsiodunak Madrileko kaleetan barrena.
'Gure ahotsa ondo entzun dezatela, pentsio duinak lortzeko borroka egingo dugu'

4:37

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pentsiodun heldu dira Diputatuen Kongresura Madrilgo kaleetatik manifestazioa egin ostean, hainbat aldarrikapen egiteko; esaterako, KPIaren araberako pentsioen balioa handitzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatzeko.

Euskal Herriko 50 bat pentsiodun Madrilen dira jada, eta pentsio duinen alde berehalako "neurri zehatzak" hartzea eskatuko diete gaur agintariei. Irailaren 23an abiatu ziren Bilbotik, eta oinez egin dute bidea. Egun berean, beste martxa bat Cadiztik atera zen, eta pentsiodunen bi zutabeak Madrilen batu dira.

115 autobus inguru heldu dira gaur (asteazkena) Espainia osotik Madrilera, eta Rotatik (Cadiz) zein Bilbotik oinez Espainiako hiriburura joandakoekin bildu dira.

Puerta del Solen elkarretaratzea egin ostean, Kongresurako bidea hartu dute "Gobernuan dagoena dagoela pentsio publikoak defenda ditzala" dioen pankarta baten atzean.

Horrela, Diputatuen Kongresuaren aurrean pentsio duinak aldarrikatzeko eta agintari politikoei "herritarren arazoak bere gain hartzeko" eskatu dute.

Pentsiodunen eskariak jasotzen zituzten kartelak eskuetan, oihuka egin dituzte hainbat metro, ikurrinak eta Andaluziako banderak nagusi izan diren martxa batean.

Bilbotik eta Rotatik (Cadiz) abiatutako bi zutabeek bat egin dutenean "oso une hunkigarria" bizi izan dute, eta negar malkoak isuri zaizkie, Luqui Gomez ipar zutabeko ordezkariak azaldu duenez.

"Gure helburuak lortu arte kalean egotera atera gara", adierazi du Gomezek, eta pentsiodunen aldarrikapen nagusiak pentsioak Konstituzioan blindatzea eta urtero KPIa beste igotzea azpimarratu du.

Tiano Sandoval Estatuko pentsiodunen koordinatzailearen bozeramaileak hedabideei azaldu dienez, pentsiodunen aldarrikapenak jasotzen duen agiria erregistratu dute Kongresuan, erretiro-pentsio "duinak, bidezkoak eta nahikoak" defendatzeko.

"Ez dugu % 0,9ko igoera onartuko. KPIaren araberako igoera soilik onartuko dugu"

Bestalde, 2011 eta 2013ko pentsioen erreforma bertan behera uzteko lanean jarraituko dutela adierazi du Sandovalek.

"Ez dugu % 0,9ko igoera onartuko. KPIaren araberako igoera soilik onartuko dugu", esan du Conchita Rivera pentsiodunen beste elkarte bateko bozeramaileak.

Halaber, gaitasungabetze- zein alarguntza-pentsioak hobetzea eskatzen dute pentsiodunek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Pentsioak