Gizartea -
Pentsio duinak
Bizkaiko pentsiodunen martxa Madrilera iritsi da
Asteazken honetan elkarretaratzea egingo dute Diputatuen Kongresuaren aurrean, agintari politikoei pentsio duinak exijitzeko.
EITB.EUS
Bizkaiko 30 pentsiodunek osatutako martxa arratsalde honetan iritsi da Madrilera. Irailaren 23an abiatu ziren Bilbotik eta oinez egin dute bidea. Egun berean beste martxa bat Cadizetik atera zen eta pentsiodunen bi zutabeak Madrilen batu dira.
Asteazken honetan elkarretaratzea egingo dute Diputatuen Kongresuaren aurrean, pentsio duinak aldarrikatzeko eta agintari politikoei "herritarren arazoak bere gain har ditzatela" eskatzeko.
Iritsi direnean elkarretaratze jendetsua sortu da, eta plaza bete du, bihar Soletik Diputatuen Kongresura, 11:00etan, egingo duten manifestazioaren atariko. Pentsio Sistema Publikoa Defendatzeko Estatuko Koordinatzailea izan da biharko protesta antolatu duena.
Protesta esaldiekin atondutako kartelak eskuetan, oihuka egin dituzte hainbat metro, ikurrinak eta Andaluziako banderak nagusi ziren martxa horretan.
Bilbotik eta Rotatik (Cadiz) abiatutako bi zutabeek bat egin dutenean "oso une hunkigarria" bizi izan dute, eta negar malkoak ere isuri dituzte, Luqui Gomez ipar zutabeko ordezkariak azaldu duenez.
"Gure helburuak lortu arte kalean egotera atera gara", adierazi du Gomezek, aldarrikapen nagusiak pentsioak Konstituzioan blindatzea eta KPIren gorakada bermatzea direla adierazi aurretik.
Solen egon ostean, Kongresurantz joan dira protestariak, eta bertan Madrilera iristeko erabili dituzten oinetakoak utzi dituzte, keinu sinboliko gisa.
Protestarekin batera, Espainiako jarduneko Gobernuak iragarri du 2020an % 0,9 igoko dituela pentsioak.