Gizartea -
NAFARROA
Ulzama ibaian Arre parean egindako plastiko isurketa salatu du Gurelur elkarteak
Plastikozko bolatxoak ekoizten edo horiekin lan egiten duen enpresa bat izan daiteke isurketaren eragilea, elkarte ekologistak adierazi duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ulzama ibaian, Arren (Nafarroan), plastiko isurketa bat egin dutela salatu du Gurelur elkarte ekologistak. Iragarri dutenez, plastikozko bolatxoak aurkitu dituzte ibaian.
Gurelurrek ohar batean azaldu duenez, plastikozko piezak egiteko erabiltzen dituzte bolatxo horiek. Horregatik, plastikozko bolatxoak ekoizten edo horiekin lan egiten duen enpresa batek bolatxo horiek bota dituela suposatzen dute.
Nafarroa osoan zaborrak daudela eta plastikoak ibaietan zein itsasoetan eragiten dituen ondorio atzeraezinak azpimarratu ditu elkarteak. Arrazoi horiek direla eta, ibaira botatzea zentzugabekeria iruditzen zaie.
Gainera, ibaiaren alde hori ikertzen hasi dira, arrainak hil daitezkeelako, bola horiek jaten badituzte.
Isurketa horiek prebenitzea eta material kutsagarriak botatzen dituzten enpresak zigortzea eskatu die Gurelurrek erakundeei.