Gizartea -
MIGRAZIOA
Baimenik gabe lehorreratzea aztertzen ari da 'Open Arms' ontzia
160 migrante erreskatatu ditu azken egunotan Mediterraneoko uretan ontzi kataluniarrak. 'Arrazoi humanitarioak' tarteko, lehorreratzeko prest daudela esan dute, baimenik ez izan arren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Open Arms ontziak ez du baztertzen, "arrazoi humanitarioak" tarteko, datozen orduotan porturen batean lehorreratzea, horretarako baimenik ez badu ere. Hamar egun daramatza Lampedusako uretan, gobernuren batek lehorreratzeko baimena eman zain, eta egoera "jasangaitza" dela esan dute: azken egunotan denera 160 migrante erreskatatu ditu Mediterraneo itsasoan,
Ontzian dauden pertsonen "egoera emozionala" egunetik egunera geroz eta gogorragoa dela, eta "oztopo administratibo eta judizialen gainetik", porturen batean sartzera "behartuta" daudela esan du Oscar Camps Open Ams gobernuz kanpoko erakundeko arduradunak, RAC1 hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.
Egoera kudeatzeko laguntza eskatu du Campsek. Horren hitzetan, inork ezin du ulertu azken hamar egunotan administrazio bakar batek ere erantzunik eman ez izana. "Ez dugu atxilotuko gaituzten beldurrik, ontzian doazenak hiltzea da gure beldur bakarra", gaineratu du.
Hiru migratzaileren ebakuazioa
Eskaera egin ostean, erreskate ontziak hiru migratzaile ebakuatzeko baimena lortu du, "osasun arreta berezia" behar dutelako.
Europa Press albiste-agentziak gobernuz kanpoko erakundearen iturriak aipatuta azaldu duenez, ziurrenik Maltak bi emakume eramango ditu helikopteroz, eta gizonezkoa Italiak eramango du.
Espainiako Gobernuaren jarrera gogor kritikatu du Open Arms erakundeko kideak, ez dituelako migratzaileak hartzeko behar diren "mekanismoak" abiatu. Boluntario talde bat itsasoaren erdian noraezean pertsonak salbatzen ari den bitartean, "Espainiako Gobernua ez da ezer egiten ari" nabarmendu du.
Eusko Jaurlaritza, bere aldetik, asteon, prest agertu da erakundearen izen bera duen ontziko migratzaileak hartzeko, eta proposamena egin dio jada Espainiako Gobernuari.
Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez, iaz Aquarius ontzian Valentziara iritsi ziren migratzaileak hartzeko egindako proposamen berbera egin dio Gasteizko Gobernuak Madrili. Orduko hartan, 629 migratzaile iritsi ziren Espainiara, eta horien % 10 hartu zituzten EAEko harrera-zentroetan.
'Ocean Viking'-en erreskatea
Aldi berean, Mugarik Gabeko Medikuek (MSF) eta SOS Mediterraneok 81 pertsona erreskatatu dituzte Ocean Viking ontziarekin Libiako kostatik gertu. Aste honetan egindako hirugarren erreskatea da, eta guztira 251 pertsona jaso dituzte uretatik.
MSFk ohar batean jakinarazi duenez, migratzaileak gomazko ontzi batean zeuden, itsasoan ibiltzeko egokia ez zen itsasontzi batean, alegia.
Ocean Viking-ek Mediterraneo erdialdeko uretan jarraituko du lanean, arriskuan egon litezkeen ontzien bila, baina dagoeneko inguruan dauden salbamendu zerbitzuekin jarri da harremanetan, migratzaileak modu seguruan lehorreratzeko asmoz.