Gizartea -

La Manadaren epaia

Auzitegi Gorenak La Manadari buruz emandako epaiak poza eragin du

Erakundeak eta alderdi politikoak pozik agertu dira Gorenak sanferminetako bortxaketa sexu-erasoa izan zela ebatzi eta bost erasotzaileei 15 urteko kartzela-zigorra ezarri dielako.

Emakume bat 'Ez da abusua, bortxaketa da' lelodun kartela eskuan duela. Argazkia: EFE
Emakume bat 'Ez da abusua, bortxaketa da' lelodun kartela eskuan duela.
Emakume bat 'Ez da abusua, bortxaketa da' lelodun kartela eskuan duela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko sanferminetan 18 urteko emakume bati egindako bortxaketa sexu-erasoa izan zela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak eta, ondorioz, bederatzitik 15 urtera igo du La Manadako bost kideei -Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Angel Boza eta Antonio Manuel Guerrero- ezarritako kartzela-zigorra.

Ebazpenak erreakzio soka luzea eragin du eta erakundeak, alderdi politikoak eta mugimendu feminista pozik agertu dira.

"Hasieratik eta prozesu judizial guztian defendatu duguna baieztatu du gaur Auzitegi Gorenak, hau da, ez zela sexu-abusua izan, bortxaketa izan zela", gogoratu du Nafarroako Gobernuak ohar batean. Beraz, "pozik" egoteko epaia dela nabarmendu du.

Halaber, Foru Gobernuak bere babesa eta elkartasuna berretsi dio biktimari eta "emakumeen aurkako indarkeria kasu gehiagorik" egon ez dadin lan egingo duela agindu du.

Uxue Barkosek ondoko mezua idatzi bere Twitter kontuan: "Ez zen abusua izan, bortxaketa izan zen. Hasieratik esan genuen: 'nik sinesten dizut', eta orain Gorenak gizartearekin bat egin du".

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria ere pozik agertu da, ia urte igaro badira ere, "azkenean epaileek ere bortxaketa izan zela ebatzi dutelako, gehiengo politiko eta sozialak hasieratik argi izan duguna, hain zuzen ere".

"Urte luze hauetan gizartearen aldarriak eta Iruñean nahiz Euskal Herri osoan egin diren mobilizazioak oso garrantzitsuak izan dira", erantsi du.  

Enrique Maya (UPN) Iruñeko alkate berriak esan du gainerako ebazpen judizial guztiak bezala, gaurkoa ere errespetatzen duela eta epai honek agerian utzi duela "herrialde honetan legea urratzen duenak ordaindu egiten duela".

Eraso hura berriro gaitzetsi du eta horrelako gertakariak berriro ez gertatzeko borondate irmoa agertu du.

Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate ohiak ondoko mezu idatzi sare sozialetan: "Biktima azkeneraino babestuko genuela esan genuen eta gure konpromisoa bete dugu. Instituzioen ahalegina eta herritarren mobilizazioa ezinbestekoak dira sexu-erasoekin amaitzea lortzeko".

Ione Belarra Podemoseko parlamentariak azpimarratu du "behingoagatik" justizia herritarren aldarria entzuten hasi dela. "Pozik La Manadari buruzko ebazpenagatik; eta triste bere testigantza zalantza jarri den biktima guztiengatik", adierazi du.  

Estatuko alderdi politiko nagusiek ere begi onez hartu dute Auzitegi Gorenaren epaia. PSOEk eta Podemosek esan dute mugimendu feministaren borrokak eragina izan duela Gorenaren erabakiak. PP eta Ciudadanosen iritzian, kasu honek agerian utzi du emakumeen aurkako indarkeriari buruzko legeak hobetu egin behar direla.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak nabarmendu du “bortxaketa” izan zela eta hala baieztatu duela Gorenak.

"Soilik bai da bai. Emakumeen eskubideak eta askatasuna babesteko bidean aurrera jarraitzen dugu, eta ez gara geldituko. Sinetsi genizun, sinesten dizuegu. Bizirik, aske eta beldurrik gabe nahi zaituztegu", idatzi du Sanchezek Twitter kontuan.

Bestalde, Estatuko Fiskaltza Nagusiak ebazpenaren garrantzia azpimarratu du biktimaren testigantza indartzera datorrelako eta beste auzi batzuetarako doktrina bilakatu delako.  

Erasoak jasan dituzten emakume asko salaketa jartzeko beldur izaten dira, epaimahaiak sinetsiko ez dielakoan. Fiskaltzak uste du epai honek egoera horri buelta ematen lagunduko duela eta emakumeek beren erasotzaileak auzitegian salatzeko beldurra galtzen hasten eragingo duela.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Auzitegi Gorena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Iruñeko Udala