Gizartea -

NAFARROA

Skolaegatik deklaratu dutenek azpimarratu dute legea errespetatzen duela

Maria Solana jarduneko Hezkuntza kontseilariak 'sorgin-ehiza' egiten ari direla salatu du 'beste behin ere'.

Kazetari andana Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE
Kazetari andana Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren kanpoaldean
Skolaerekin zerikusia duten hamar lagun lekuko gisa deklaratzen ari dira

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Skolae hezkidetza programarekin zerikusia dutelako Nafarroako Justizia Auzitegian deklaratu duten lagunek azpimarratu dute egitasmoak legedia betetzen duela bai hezkuntza arloan, bai berdintasun eta indarkeriaren aurkako borrokan ere.

Programa idatzi zutenetako bi izan dira deklaratu dutenak, akusazioak uko egin baitio gainerakoen testigantza entzuteari, hezitzaileen iritzia zelako gehien axola ziona.

Maria Antonia Moreno izan da deklaratzen lehena, indarkeria matxistari aurre egiten aditua eta funtzionarioa Asturiasen, eta esan du Skolaek "oso eduki serioak" eta "oso ongi eginak" dituela, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak "etengabe" gainbegiratua.

Era berean, Carmen Ruiz Repullo soziologian doktore denak azaldu du Skolaeren edukia "hezkidea" dela, aniztasunarekiko errespetuan oinarritua, eta ikasleei zentzu kritikoa garatzen laguntzen diela.

Demanda jarri duten hiru pertsona taldeak hauek dira: San Cernin ikastetxeko familia talde bat, Juan Jose Cortes PPko diputatu eta artzain ebanjelikoa buru duen Martxoak 18 plataforma eta Ikasleen Guraso eta Familiaburuen Espainiako Konfederazio Katolikoa (CONCAPA). Ikasleak genero ideologian doktrinatzen direla salatzen dute.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Skolae programa UNESCO sarietarako izendatu eta bi egunera dator epaitegietako deklarazioa.

"Sorgin-ehiza"

Nafarroako Gobernuak Skolae programaren aurkako "sorgin-ehiza" salatu du "beste behin ere".

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan hezkuntza-programaren aurka aurkeztutako hiru salaketari aurre egin behar izatea deitoratu du aste honetan jarduneko kontseilariak.

"Horregatik, Skolaeren inguruan lanean ari diren irakasleen eta hezkuntza profesionalen, baita Hezkuntza Kontseilaritzako talde teknikoan ere, sorgin-ehiza egiten ari direla salatu nahi dugu beste behin ere (askotan egin izan dugu, baina jazarpenak ez du etenik)", adierazi zuen Solanak.

Inplikatuei "babesa" adierazi eta "eskerrak" eman zizkien jarduneko kontseilariak. Skolae bezalako "apustu ausart" batek hamar pertsona epaitegira eraman behar izatea deitoratu zuen Solanak. "Joango gara, bertan babesa ematen egongo gara, ondoan izango gaituzte, eta lanean jarraituko dugu", ziurtatu zuen.

Solana: "Joango gara, bertan babesa ematen egongo gara, ondoan izango gaituzte, eta lanean jarraituko dugu"

Programaren etorkizunaz galdetuta, hezkuntza "politikatik at" mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen Solanak; izan ere, "gobernu aldaketen gainetik egon beharko luke".

Hala ere, "suntsitu ezin izango dituzten gauzak daude", erantsi zuen. "Nafarroako hezkidetzan atzera bueltarik ez duen puntu batean gaudela uste dut, edozein gauza gerta, dagoeneko 2.200 pertsonak berdintasunean ikasi dute Nafarroan, inork suntsitu ezin izango duen lorpen bat da hori", horren hitzetan.

Halaber, ordezkaritza parlamentarioaren gehiengoa, ia % 60, "Skolaeren aldekoa" dela gogorazi zuen. Ondorioz, gehiengo horren aurka egitea "zaila" izango dela gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Euskal sindikatuak