Gizartea -
Nafarroa
Suhiltzaileek 23 erromes erreskatatu dituzte Ibañetan
Izandorreko aterpetik atera behar izan dituzte. Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) eta Orreaga (Nafarroa) lotzen dituen Donejakue Bideko tartea egiten ari ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Ibañetan, eguraldi kaskarragatik Izandorreko aterpean babes hartu duten 23 erromes erreskatatu dituzte Nafarroako suhiltzaileek.
Foru Exekutiboak jakitera eman duenez, Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) eta Orreaga (Nafarroa) lotzen dituen Donejakue Bideko tartea egiten ari ziren, eta guztiak onik atera dira.
Larrialdi zerbitzuek 13:40 aldera jaso dute abisua. Aterpetxean zegoen pertsona talde batek laguntza eskatu du eguraldi oso kaskarra zelako: tenperatura baxuak, elurra, haize ufada oso bortitzak eta bisutsa.
Erromes batzuek ibiltzeko zailtasunak eta hipotermia sintomak zituztela azaldu dute.
Auritzeko suhiltzaileei abisua eman diete, eta lur orotarako bi ibilgailu bertaratu dira. Hurrenez hurren, zortzi eta hiru pertsona eramateko gaitasuna zuten.
Tokian 30 bat pertsona topatu dituzte suhiltzaileek. Horregatik, arazorik ez zuten erromesei Orreagako ostatura arte oinez jarraitzeko eskatu diete.
Ibilgailu bakoitzak bi bidaia egin ditu, eta guztira 20 erromes eraman dituzte. Gainera, bidean Frantziako gizon bat eta haren 7 urteko alaba hartu dituzte, baita emakume bat ere.
Guztiak Orreagako aterpetxera eraman dituzte, iturriek zehaztu dutenez.