Gizartea -
Eutanasia
Emazteari hiltzen lagundu zion gizona ez dute indarkeria matxistagatik auzipetuko
Erabakiaren berri izan ondoren, Angel Fernandez “oso pozik” agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Angel Fernandez, bere emazteari hiltzen lagundu zion gizona, ez dute indarkeria matxistagatik ikertuko. Genero indarkeriako epaileak ikerketaren ardura hartzea errefusatu du. Gaixotasun larri bat zuen emakumea apirilaren 3an hil zen.
Madrilgo Instrukzio-epaitegia inhibitu zen, eta auzia genero indarkeria epaitegiaren esku utzi zuen.
Orain auzia Madrilgo Instrukzio-epaitegira itzuliko da berriro. Kasua tramitera onartu edo Madrilgo Lurralde-auzitegiari igorri beharko dio epaitegiak.
Erabakiaren berri izan ondoren, Angel Fernandez “oso pozik” azaldu da kazetarien aurrean, Barrio antzokian mahai-inguru batean parte hartu baino lehen. Eutanasiaren eta duintasunez hiltzeko eskubidearen inguruan hitz egin dute solasaldian.
Gero eta hobeto dagoela esan du Hernandezek, emazteari hiltzen lagundu zionetik hiru aste pasa direlako dagoeneko. Hala ere, oso gogorra izan dela azpimarratu du, dolua ziegan pasa zuelako. Zentzu horretan, “egonkortasun fisiko eta mental bat lortzea”, espero du.
Hitzaldian, berak egindakoa “inork ez egitea” eskatu du, bere ekintzarekin “nahikoa delako”, baina egoera berdinean daudenei senidea ez abandonatzeko eskatu die, azkenera arte berarekin egoteko.
Gizonak errepikatu duenez, ahal baldin bada gaixoak berak heriotza eragin behar du, bere buruaz beste egiteko borondatea argi utziz, senitartekoak errugabetzeko bideo bat grabatuz.
Mahai-inguruan, Fernando Marin Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko presidenteak, Marcos Hourmann eutanasiagatik Espainian zigortutako aurreneko medikuak eta David Lorente Maribel Lorente bizkaitarraren semeak Hernandez lagundu dute.
Espainian eutanasia arautzeko beharra nabarmendu dute guztiek; izan ere, gizartea “sobera prest” dago. Horregatik, politikariei eta Elizari “maila emateko” eskatu diete.