Gizartea -
laguntzen programa
Jaurlaritzak 35 milioi euro bideratuko ditu kontziliaziorako laguntzak finantzatzeko
Horrez gain, beste 34,5 milioiko partida onartu dute seme-alaben jaiotzagatik, adopzioagatik eta erditze edo adopzio anizkoitzagatik emandako laguntzentzat. 400 eta 900 euro artekoak dira laguntzok.
EITB.EUS
Familia eta lana uztartzeko programaren dirulaguntzak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 35 milioi euro bideratuko dituzte kontziliaziorako.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, hiru dira honako arrazoi hauengatik eszedentzia edo lanaldi murrizketa egoeran dauden gurasoentzat onartutako laguntzak: seme-alabak zaintzeko, mendekotasun-egoeran edota osasun-arloko muturreko larritasun-egoeran dauden familiartekoak zaintzeko. Horrez gain, laguntza-deialdia zabaldu dutela erantsi du, familiek egoera horietan lagunduko dieten pertsonak kontrata ditzaten.
Laguntzok 2022rako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Planaren baitan daude. Hain justu, plan horren barruan, gobernu bileran beste diru partida bat ere onartu du Jaurlaritzak: 34,5 milioi euroko laguntza, seme-alaben jaiotzagatik, adopzioagatik, eta erditze edo adopzio anizkoitzagatik. Laguntzok familia errentaren arabera banatzen dira —400, 500 eta 900 eurokoak dira—, eta "seme-alaba berrien zaintzarekin zerikusia duten beharrizan ekonomikoei erantzuten laguntzea" dute helburu.
"Apurka-apurka, familia proiektuak hasi eta herritarrek nahi dituzten seme-alaba kopurua izateko dituzten zailtasunak ezabatu nahi ditugu", nabarmendu du Erkorekak.