Gizartea -
Memoria historikoa
Omenaldia jaso dute Gurseko kontzentrazio eremuko presoek
Hego Euskal Herriko 6.500 pertsona egon ziren bertan, Frankismotik ihesi joan zirenean, 1939 eta 1940 artean.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Gurseko kontzentrazio eremuko presoei gaur egin dieten omenaldian izan dira, Zuberoa eta Frantzia arteko mugan. Bertan, Hego Euskal Herriko 6.500 pertsonatik gora egon ziren Frankismotik ihesi, 1939 eta 1940 artean.
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailea eta Aintzane Ezenarro Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendaria bertan izan dira, 52 herrialdetako 60.000 pertsona baino gehiago hartu zituen kontzentrazio eremua eraiki zutela 80 urte bete diren honetan.
Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, Erkorekak hitza hartu du ekitaldian, eta Gursen egon ziren pertsonek jasan zuten "sufrimendu injustua" salatu du. Halaber, "askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren alde" egin zuten "esfortzua eta ekarpena" goraipatu ditu.
Gainera, Erkorekak azpimarratu du "betebehar etikoa" dela "erbestea pairatu zutenak oroitzea eta omentzea", eta gogorarazi du garai hartako pertsona haiek bizi izan zutena gaur egun munduko beste hainbat lekutako migratzailek bizi dutela.
Gursen egin duten ekitaldi instituzionalean Nafarroako, Espainiako eta Frantziako ordezkariek ere parte hartu dute.
Gursekoa errefuxiatuentzako eremua zen hasiera batean, 1939an eraikia Gerra Zibileko borrokalari errepublikanoentzako. Hala ere, praktikan "kontzentrazio esparru" bilakatu zen, Jaurlaritzaren arabera.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean eta, naziek Frantzia okupatu zutenean, milaka preso judu eraman zituzten bertara.