Gizartea -
Migratzaileen erreskatea
Mediterraneora joateko baimena ukatu dio Itsas Kapitaintzak Aita Mari ontziari
Mediterraneoan noraezean dauden migratzaileei laguntzeko, Aita Mari salbamendu ontziak berehala itsasoratzeko asmoa zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pasaiako Itsas Kapitaintzak ukatu egin dio Aita Mari ontziari Europara bidean datozen migratzaileei laguntzeko asmoz Mediterraneora joateko baimena.
Daniel Rivas Itsas Salbamendu Humanitarioa izeneko gobernuz kanpoko erakundearen bozeramaileak EFE agentziari azaldu dionez, ikuskariak hiru egunez aritu ziren ontzia aztertzen eta joan den asteartean haiek eskatutako dokumentazio guztia eman zieten.
Gauzak horrela, asteazkenean Mediterraneora joateko baimena eskatu zuten, baina gaur baimena ukatu dietela jakinarazi die Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen erakundeak.
Rivasek erantsi du baimena ukatzeko segurtasunari lotutako argudioak erabili dituztela, Open Armas ontzia Bartzelonako portutik ateratzea ekiditeko erabili dituzten antzeko argudioak, hain zuzen ere.
Gobernuz kanpoko erakunde horretako abokatuak Itsas Kapitaintzaren ebazpena aztertzen ari dira eta datozen egunetan helegitea aurkeztuko dute. Larunbat honetan agerraldia egingo dute, aurrerantzean emango dituzten urratsen berri emateko.
Aita Mari Getariako atun-ontzi bat da, baina aipatu erakunde humanitarioak salbamendurako ontzi bilakatu zuen, Europara heltzeko bidean itsasoa zeharkatzen duten migratzaileak erreskatatzen laguntzeko asmoz.