Gizartea -

La Manada auzia

Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko du Auzitegiaren erabakirekin ados ez dagoelako

Foru Gobernuak "erabateko desadostasuna" adierazi du Nafarroako Lurralde Auzitegiak hartutako erabakiarekin, sanferminetako erasotzaileek espetxean egon beharko luketela iritzita.

Nafarroako Lurralde Auzitegia. Argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko du Auzitegiaren epaiaren aurka
Nafarroako Lurralde Auzitegia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko du Lurralde Auzitegiak La Manada auziaren harira gaur hartutako erabakiaren kontra. Hain zuzen ere, Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioek egindako eskaria atzera botatzea eta, epaia irmoa izan arte, La Manadako bost kideak ez espetxeratzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak ostegun honetan. Alabaina, erabaki horren baliogabetzea eta bost kideak berehala kartzelan sartzea eskatuko dute erregu-errekurtsoen bitartez.

Foru Gobernuak "erabateko desadostasuna" adierazi du, ohar baten bidez, Nafarroako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Sekzioak hartutako erabakiarekin.

Zentzu horretan, abenduaren 26an, bost kideen espetxeratzea eskatzeko emandako argudioak berretsi ditu, alegia, ihes egiteko eta delitua berriz burutzeko arriskua dagoela. Gainera, gogora ekarri du sanferminetan gertatutakoa oso larria izan zela, eta horregatik erabaki zutela erasotzaileei bederatzi urteko kartzela zigorra ezartzea.

Iruñeko Udalak helegitea aurkeztuko du

Joseba Asiron Iruñeko alkateak iragarri du ez datorrela bat epaileek hartutako erabakiarekin. Hori dela eta, ebazpenaren aurkako helegitea jarriko dutela aurreratu du.

"Erabaki horrek agerian uzten du epaile batzuen eta gizartearen artean dagoen desakordioa", adierazi du.

Geroa Bai

Geroa Bai ere kexu agertu da Nafarroako Auzitegiaren epaiarekin, "gizartearen gehiengoaren eta justiziaren arteko banaketa islatzen duelako".

"Erasotzaileek alde egin dezakete. Gainera, ebazpen horrek zigorgabetasun mezu arriskutsua zabaldu du", esan du koalizio nafarrak ohar batean.

EH Bildu

Bakartxo Ruiz EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, La Manadako kideak aske uztea "kolpe handia da berdintasunaren aldeko eta matxismoaren aurkako borrokan". "Argi geratu da epaileen artean ere ez direla ados jartzen", azaldu du.

Nafarroako Ahal Dugu

Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiaren arabera, akatsik larriena La Manadako kideak aske uztea izan zen. "Epai horrek bost kide horien bereizkeria positiboa egin du", gaineratu du.

ELA

ELA sindikatuak Auzitegiaren erabakia gaitzetsi du, "emakumeen askatasunari eta duintasunari eraso egiten dio" argudiatuta.

LAB

LABek gogor salatu du epaitegietan ez dagoela emakumeentzako justiziarik.

"Indarkeria matxista jasan duten emakumeak babestu beharrean, berriro ere eraso egiten diete. Justizia heteropatriarkala da", kritikatu du.

Andaluziako Gobernua

Rosa Aguilar Andaluziako jarduneko Barne eta Justizia kontseilariak nabarmendu du garrantzitsuena dela "Auzitegi Gorenak lehenbailehen epaia ematea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Geroa Bai ELA LAB Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Matxismoa Iruñeko Udala ‘La Manada’ auzia