Gizartea -
Nafarroako Auzitegia
'La Manada'ko abokatu batek osteguneko saioa atzeratzea eskatu du
Agustin Martinez Becerrak atzerapena eskatu du, egun berean beste epaiketa bat duelako Sevillan. 'La Manada'ko lau zigorturen ordezkaria da.
Agentziak | Erredakzioa
Agustin Martinez Becerra 'La Manada'ko lau zigorturen abokatuak osteguneko saioa atzeratzea eskatu du, egun berean beste epaiketa bat duelako Sevillan. La Manadako bost kideei bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zieten, 2016ko sanferminetan emakume bati sexu-abusuak egiteagatik.
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak saioa datorren ostegunerako deitu du, Fiskaltzak 'La Manada'ko kideen espetxeratzea eskatu ondoren. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak bederatzi urteko kartzela-zigorra baieztatu zuen abenduaren 5ean.
Saio hori atzeratzea eskatu dio orain Martinez Becerrak Bigarren Sekzioari; izan ere, datorren ostegunean beste epaiketa bateko behin betiko ondorioak aurkeztu behar ditu Sevillako Zigor-arloko Epaitegian.
Hala ere, eskakizuna onartuko ez balute, Iruñeko saiora joango dela iragarri du abokatuak. Bost zigortuek Andaluziako hiriburutik bideokonferentzia bidez jarraituko dute bista.