Gizartea -
'LA MANADA' AUZIA
Ostegunean erabakiko du Nafarroako Auzitegiak 'La Manada'koen espetxeratzeari buruz
Abenduaren 13an 10:00etan deitu dute saioa, eta auzipetuek bideokonferentziaz hartuko dute parte. Joan den ekainetik behin behinean aske daude bost erasotzaileak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Justizia Auzitegiko Bigarren Salak datorren ostegunean erabakiko du 'La Manada' taldeko bost kideen espetxeratzearen inguruan. 10:00etarako deitu dute saio laburra, eta bost auzipetuek bideokonferentzia bidez hartuko dute parte, Sevillatik, euren abokatuek lagunduta.
2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten. Epaia irmoa izan artean baina, baldintzapean aske utzi zituzten, besteak beste, bost erasotzaileek ihes egiteko arriskurik ez zegoela iritzita.
Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo joan den ekainean atera ziren kartzelatik, 6.000 euroko bermea ordainduta. Kautelazko hainbat neurri ezarri zizkieten: astean hiru egunetan gertuen duten epaitegian aurkeztu behar dute, Madrilgo Erkidegoan sartzea debekatuta dute, han bizi baita biktima, eta harekin harremanetan jartzea ere galarazita dute, pasaportea kendu diete eta ezin dute Espainiatik atera.
Joan den astean, abenduaren 5ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen 'La Manada' auziko epaia. Ez zen aho batez hartutako erabakia izan: bost epailetatik bik boto partikularra eman zuten, sexu-erasoa izan zela esanez.
Ebazpen horren berri izan eta berehala, Nafarroako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, auzipetuen espetxeratzea eskatuz. Fiskalaren arabera, behin bederatzi urteko kartzela zigorra berretsita, beharrezkoa da auzipetuek zigor hori beteko dutela ziurtatzea.
Miguel Angel Moran 'La Manada'ko biktimaren abokatuak ere gazte sevillarrak kartzelan sartzeko eskatuko duela iragarri zuen, nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik jarritako bederatzi urteko zigorra bete dezaten.