Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Genero indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek Ertzaintzaren babesa jasotzen dute

Bortxa telefonoa 732 biktimak dute eta 66 emakumeri eskolta jarri diete.

Babes neurrien Bortxa telefonoa nabarmentzen da, besteak beste. Argazkia: CCO lizentzia
Babes neurrien Bortxa telefonoa nabarmentzen da, besteak beste
Babes neurrien Bortxa telefonoa nabarmentzen da, besteak beste. Argazkia: CCO lizentzia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun, genero indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek Ertzaintzaren babes neurriren bat dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez.

Horietatik 66 emakumeri eskolta esleitu diete eta 732k Bortxa telefonoa daukate.

Bortxa telefonoa Ertzaintzaren koordinazio-zentroarekin eta kasua daraman ertzain-etxearekin zuzenean lotura duen terminal bat da, larrialdietan erabiliko dena. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 telefonora sarbide erraza du. Era berean, GPS bidezko lokalizazioa aktibatzeko aukera ematen du.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian 2.304 emakumek, Araban 789 emakumek eta Gipuzkoan 1.472 emakumek jasotzen dute era bateko edo besteko babesa. 2017ko azaroan guztira 4.485 emakume ziren: 2.081 Bizkaian, 1.045 Araban eta 1.359 Gipuzkoan.

Ertzaintzak arriskuak ebaluatzeko sistema bat badu, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera prestatu zena eta Europan aitzindaria dena. Prozedura horri jarraituz, kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, arrisku-maila edozein dela ere eta kasua auzitegietan ebazten bada ere.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, handi samarra, handia eta berezia. Horien ebaluazioa etengabea denez gero, arrisku-maila alda daiteke biktimaren edo erasotzailearen baldintzak aldatzen badira.

Kasu jakin batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumuturreko elektronikoa esleitzen zaio, urruntze-agindua betetzen duela ziurtatzeko. Gaur egun, mota horretako 30 eskumuturreko daude aktibatuta: 24 Bizkaian, 4 Gipuzkoan eta 2 Araban. Halaber, 3.023 emakumek dute urruntze-aginduren bat: 1.410 emakumek Bizkaian, 449 emakumek Araban eta 1.164 emakumek Gipuzkoan.

Bestalde, Ertzaintzak genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako aplikazio espezifiko bat ere garatu du: Bortxa. Aplikazio berri horrek Bortxa telefonoa ordezkatuko du abendutik aurrera eta hainbat hobekuntza eskaintzen ditu arreta zerbitzuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Espainian EAE Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa Matxismoa