Gizartea -
Genero indarkeria
Euskal Mugimendu Feministak bitarteko gehiago eta isilune gutxiago eskatu ditu
Donostiako epaitegien aurrean egin du protesta Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Han, indarkeria matxistarekin "aspertuta eta nazkatuta" daudela esan dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ordezkariek esan dute "nekatuta eta nazkatuta" daudela indarkeria matxistarekin. Horri aurre egiteko, "bitarteko gehiago eta isilune gutxiago" behar direla aldarrikatu dute. Gainera, azpimarratu dute erakunde politikoen, legegileen eta judizialen "zeharkako lanak" arazo hori konpontzen lagun dezakeela.
Mugimendu horretako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Donostiako epaitegien aurrean. Leku berean egin dute protesta Ertzaintzan, epaitegietan eta adin txikikoen zentroetan lan egiten duten emakumeek, lan baldintzen hobekuntza eskatzeko.
Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, prentsaurrekoa eman dute Euskal Herriko feministek, besteak beste, egun horretarako antolatu dituzten manifestazioak aurkezteko, eta "injustizia patriarkalaren aurkako" aldarria zabaltzeko.
Hala, Nerea Irastorzak, euskaraz, eta Flor Rodriguezek, gaztelaniaz, kritika gogorra egin diote Donostiako Udalari "igandeko maratoia lehenesteagatik, indarkeria matxistaren aurkako manifestazioaren aurrean". Izan ere, hasiera bateko ibilbidea aldatu behar izan du matxismoaren kontrako martxak. Hori horrela, Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu, azaroaren 25ean.
Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan ere manifestazioak egingo dituzte, "sistema aldaketa" exijitzeko, eta ohartarazi dutenez, erakundeek indarkeria matxistaren aurka egiten ez badute "erasotzaileen maila berean jarriko dituzte".
Halaber, emakumeek lanean jasaten duten "diskriminazioa" salatu dute, horien kontrako errealitate sistematikoan erakundeek esku hartu beharko luketela iritzita. luketela
Bukatzeko, "nahitaezko hezkidetza unibertsalaren" alde agertu dira, hots, "ikastetxeetan sentsibilizazioan eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza ezartzea" babestu dute, baita "publizitate sexista" kontrolatzea eta indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituztenek lan baldintza duinak izatea ere.