Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Maguette Mbeugouren senarrak hilketa aitortu du Ertzaintzaren aurrean
Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio biktimaren senarrak. Bi eta lau urteko alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapean daude, behin-behinean.
EITB.EUS
Maguette Mbeugouren ustezko hiltzailea Bilboko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegira eraman dute jada, epailearen esku uzteko. Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio biktimaren senarrak, ETBk jakin ahal izan duenez. Hala ere, Ertzaintzaren aurrean hilketa aitortu du gizonak.
Bitartean, bi eta lau urteko bi alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapean daude, behin-behinean, senideren batek horien ardura bere gain hartu arte.
25 urteko emakumea labankadaz hil zuten astelehenean, Bilboko Ollerietagoiena kaleko etxebizitza batean, eta haren senarra atxilotu zuten ordu batzuk geroago Mutrikun, hilketa leporatuta.
Ikerketak aurrera egin ahala, auzi honetan izandako gabeziak agerian gelditzen ari dira. Maguette Mbeugouk salaketa jarri zuen abenduaren 6an Bilboko Udaltzaingoaren aurrean indarkeria matxistagatik, eta urruntzeko agindua ere eskatu zuen, baina epaileek ukatu egin zion.
Senar-emazteak etxebizitza ezberdinetan bizi zirela, emakumeak etxera ez itzultzeko asmoa azaldu zutela eta biak banatzekoak zirela argudiatu zuen epaileak autoan arrisku egoera baztertzeko.
Epaiketa egin ondoren, urtarrilaren 12an, Zigor Arloko Epaitegiak gizona absolbitzea erabaki zuen, mehatxuak egon zirela frogatzeko froga nahikorik ez zegoela iritzita.
Bestalde, Ertzaintzak zaborrontzi batean topatu du ustez Bilboko hilketa matxistan erabilitako labana.
Autopsiak baieztatu duenez, emakumeak 24 ordutik gora zeramatzan hilda haren hilotza aurkitu zutenean.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.