Gizartea -
MEZUA JENDARTEARI
Emakundeko zuzendariak sexu-erasoen inguruko 'hausnarketa sakona' eskatu du
Azken kasuetan bai erasotzaileak bai biktimak adin txikikoak direla nabarmendu du Izaskun Landaidak eta "belaunaldi gazteei ematen zaizkien mezuen inguruan hausnartzeko" eskatu dio gizarteari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak "belaunaldi berriei gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan ematen zaizkien balioen inguruako hausnarketa sakona" eskatu du. Azken egunotan Euskal Herrian, festa giroan batez ere, gertatu diren sexu-erasoak buruan egin ditu adierazpen hauek.
Horietako askotan bai erasotzaileak bai biktimak adin txikikoak izan direla gogorarazi du eta neska-mutilak "bizi diren gizartearen isla" direla nabarmendu du. "Hausnarketa sakona egin behar dugu belaunaldi berriei ematen ai garen ereduen inguruan" berretsi du Landaidak.
Emakundeko buruaren iritziz, lan handia dago oraindik "emakumeak ahalduntzeko eta euren autoestimoa indatzeko" eta gizonek "indarrean diren ereduak zalantzan jar ditzaten".
Gazteei "jarrera berdinzaleak direnak eta ez direnak bereizten laguntzeko tresnak eman behar zaizkie; inoiz baino beharrezkoagoa da, baina zoritxarrez mundua ezin da gauetik goizera aldatu" erantsi du.
Estereotipoak gainditu
"Guztia oso azkar doan gizarte batean bizi gara, gazteek informazio asko dute, baina askotan ez egokiena, gainditzen saiatzen ari garen estereotipoak islatzen baituzte maiz. Horregatik, lanean jarraitu beharra daukagu, atsedenik gabe" esan du Landaidak.
"Jendarte guztiaren inplikazioa" nahi du Emakundeko zuzendariak, mezu horiek gaztetxoen artean arrakasta izan dezaten eta argi utzi du "ez alkoholaren kontsumoa ez festek" ez direla "aitzakia" "emakumeen eta gizonen arteko harremanak ez daitezen berdintasunean eta errespetuan oinarritutakoak izan".
Salatzearen garrantzia
Emakumeek erasoak salatzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu du Landaidak, eta "orain arte eremu pribatuan geratzen zen kontu bat" "ordena publikoko gaia" bihartu dela, esparru anitzetatik egin den lanari esker.
"Horrelako gauzak gertatzea ekidin behar da, baina gertatzen bada, biktimak gizarteak eta instituzioek babestu egiten dutela sentitu behar du", "hori oso garrantzitsua da eraso hauen aurrean zero tolerantzia lortzeko".