Gizartea -

'LA MANADA' AUZIA

Epaimahaiak ez du delitua berriro egiteko eta iheserako arriskurik ikusten

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioaren arabera, 'La Manada'ko bost kideak behin-behinean espetxean mantentzeko baldintzak aldatu egin dira. Hiru magistratuetako batek boto partikularra eman du.

'La Manada'. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
'La Manada'. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
'La Manada' kasuko epaimahaia, banatuta

1:56

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, osteguna, Nafarroako Auzitegiak 'La Manada' taldeko bost gazteak, 6.000 euroko bermepean, behin-behinean aske uzteko erabakia hedabideetara filtratu zen, baina gaur arte auzitegiak ez die autoa aldeei helarazi. 2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, baina epaia irmoa izan artean, baldintzapean libre egongo dira bostak (Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo).

Nafarroako Auzitegiaren esanetan, iraganean 'La Manada'ko bost kideak kartzelan sartzeko zeuden arrazoiak desagertu egin dira. Are gehiago, ihes egiteko arriskua behin-behineko espetxealdia ez den beste neurri batzuekin eragotzi daitekeela eta delitua berriro egiteko arriskurik ez dagoela uste du.

Epaimahaiaren esanetan, auziaren instrukzio fasean kartzela eskari handia izan zen bost gazteak espetxeratzeko argudio nagusietako bat. Alabaina, auzitegiak uste du arrazoi hori desagertu egin dela epaiak zigor txikiagoak ezarri dizkienean. Zigortutako bost gazteek anonimatua galdu ostean delitua berriro egiteko arriskua "gutxi gehiago pentsaezina" dela iritzi dio.

Ihes egiteko arriskuari lotuta, akusazioek argudiatu dute bost zigortuetako lau antzeko beste auzi batean nahastuta daudela. Izan ere, Kordobako Pozoblanco herrian 21 urteko emakume bati sexu-erasoa egitea eta erasoa eskuko telefonoarekin grabatu eta partekatzea leporatzen diete. Auzitegiak azpimarratu duenez, Angel Boza auzi horretatik salbuetsita dago.

Pozoblancoko auziaren instrukzioa zein fasetan dagoen ez dakiela adierazi du Nafarroako Auzitegiak. Gaineratu duenez, argi dakien gauza bakarra instrukzioa 2016ko urrian hasi zela da. "Sub judice edo epaileak erabakitzeko zain dauden gertaerak dira, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko ikerketa fasean daudenak eta akusazioek argitu ahal izan ez dituztenak", azaldu du.

Autoak nabarmendu duenez, zigortutako bost gizonak biktima bizi den tokitik 500 kilometro baino gehiagora bizi dira. Ildo horretan, magistratuen iritziz, "biktimaren lasaitasuna" bermatu daiteke 'La Manada'ko kideei behin-behineko espetxealdia ezarri gabe.

Epaimahaiak kautelazko hainbat neurri ezarri dizkie: astean hiru egunetan gertuen duten epaitegian aurkeztu beharko dute; Madrilgo Erkidegoan sartzea debekatuta izango dute, han bizi baita biktima, eta harekin harremanetan jartzea ere galarazita izango dute; pasaportea kenduko diete eta ezin izango dute epaileen baimenik gabe Espainiatik atera.

Hiru magistratuetako batek, Jose Francisco Cobo epaimahaiko presidenteak, boto partikularra eman du, behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskatuz.

Boto partikularrak ohartarazi duenez, hartutako neurriak "eraginik gabeak" izan daitezke biktima babesteko

Jose Francisco Cobo magistratuak ohartarazi duenez, gerta daiteke "La Manada"ren aurka hartutako neurriak biktima babesteko eraginkorrak ez izatea.

Magistratuaren esanetan, "zigortuak izan diren delituaren larritasuna eta ezaugarriak aintzat hartuta, kasuaren baldintzak eta prozesatuen egoera pertsonala aztertuta, zentzuzkoa eta proportzionatua da" behin-behineko espetxealdia luzatzea.

Cobo magistratuaren iritziz, delituaren larritasuna eta ondasun juridiko garrantzitsuetan duen eragina "eztabaidaezinak" (biktimaren askatasuna eta sexu integritatea, kasu) dira.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Iruñeko albisteak Tratu txarrak Nafarroa Delituak albisteak Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Iruñeko Udala azken ordukoa ‘La Manada’ auzia gaur