Gizartea -
Indarkeria matxista
'La Manada' taldea aske uzteko erabakia errefusatu dute erakundeek eta alderdiek
Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Erabaki “amorragarria” dela uste du Iruñeko Udalak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Auzitegiak behin-behinean eta bermepean aske utzi ditu 'La Manada' taldeko bost zigortuak. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Auzian herri-akusazioa da Foru Exekutiboa.
Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Exekutiboa helegitea aurkezteko lanean ari da jadanik. “Askatasun eskakizunaren aurka agertu ziren gure zerbitzu juridikoak, delituaren larritasunagatik”, gogorarazi du.
Zigortuak espetxetik atera ahal izatea “oso larria” dela ziurtatu du gaur Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Hala ere, “herritarrek neurria emango dute”, azpimarratu du.
Biktimari “hurbiltasuna” adierazi dio Asironek. “Sexu-eraso oso larri baten biktima izan dela beti defendatu izan dugu guk”, gogorarazi du.
Erabaki “amorragarria” dela esan du Laura Berro Iruñeko Udalaren Berdintasun eta LGTBI zinegotziak. “Justizia patriarkala” salatu du zinegotziak Twitter sare sozialean, “erasotzaileak defendatzen dituelako, biktimak ordez”. “Amorragarria da, indarkeria da. Hori bai: ez gara geldirik eta isilik geratuko”, azpimarratu du.
Nafarroako Lurralde-auzitegiaren erabakia “gizartearen iritziaren antipodetan dago”, adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. “Ebazpen hau, beste behin ere, gizarteko gehiengoaren iritziaren antipodetan dago, azken urteetan emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespenean izugarri aurrera egin dugulako; gizarteak mota honetako ebazpen bat ez du ulertuko”, nabarmendu du Erkoreka kazetarien aurrean, Bilbon.
Nafarroako Lurralde-auzitegiak hartutako erabakiaren berri izan ondoren, “emakumeen berdintasuna eta segurtasuna lortzeko” lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Espainiako Gobernuak. Exekutiboko bozeramaile batek gogorarazi duenez, Gobernuak “ezin ditu erabaki judizialak oztopatu”, baina “frogatutako gertakariak oso larriak dira”.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, zigortuak bermepean aske uztea “sinesgaitza, haserregarria eta iraingarria” da.
“'La Manada' taldeko bost kideak behin-behinean aske uztea ulergaitza eta lotsagarria da”, kritikatu du Geroa Baik. “Nahiz eta epaiak gertakariak sexu-eraso bezala ez aitortu, gertatutakoa ikaragarria eta oso larria da, ondorioz, ezin dugu zigortuak aske uztea inola ere ez ulertu”, esan du koalizioak agiri batean.
Podemosek kritikatu duenez, “justiziaren joera matxistak emakumeak kolpatu ditu berriro”. “Auzietan azkartasun handiagoa, biktimen babes handiagoa eta sexu indarkeria epaitzeko epaitegi bereziak”, eskatu ditu alderdi moreak, “horrelakoak berriz ez gertatzeko”.
Maria Chivite PSNko idazkari nagusiaren ahotan, erabakia “albiste txarra da, eta gizarteak ez du ulertuko”.
Erabakiaren aurrean “erabateko amorrua” azaldu du Nafarroako Izquierda Unidak. Zentzu horretan, “genero indarkeriaren adierazpen guztiak arbuiatzeko, emakumeek eta Nafarroako gizarteak kaleak hartuko dituzte”, adierazi du IUNk.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.