Gizartea -

Indarkeria matxista

'La Manada'k helegitea aurkeztu du, 'baimendutako harremanak' izan zirela argudiatuta

Zigortuen abokatuak bat egin du Ricardo Gonzalez magistratuak emandako boto partikularraren puntu guztiekin eta, adierazi duenez, bideoa sare sozialetan ez zabaltzeko jarri zuen salaketa biktimak.

Lau zigorturen abokatua, 2017an. Argazkia: EFE
Lau zigorturen abokatua, 2017an. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agustin Martinez Becerra bederatzi urteko kartzela zigorra jaso duten 'La Manada'ko lau kideren (bostetik) abokatuak apelazio helegitea (hau da, Auzitegi Gorenera) aurkeztu du, aske uztea eskatuta. Gainera, berriz ere argudiatu du haiek uste zutela "baimendutako sexu-harremanak" izan zirela.

Abokatuak, era berean, bat egin du Ricardo Gonzalez magistratuak emandako boto partikularraren puntu guztiekin, eta argudiatu du akusatuen "ustezko errugabetasun printzipio sakrosantua urratu" dela, "epaiketa paraleloa eta mediatikoa" izanda.

Azkena izan da helegitea aurkezten, gainerakoek dagoeneko aurkeztu dutelako. Testuan dioenez, akusatuen aurkako "ehiza mediatikoa" izan da, "mezuak, elkarrizketak, grabaketak eta irudiak zabalduz, egoera penagarrian" utzita.

Gainera, epaian probatutzat jotzen diren gertakarietan "akusatuen ustezko errugabetasuna modu nabarmenean urratzen duten baieztapenak egiten dira frogarik gabe", bere iritzian.

Halaber, abokatuak sexu-abusuagatik zigortu izana kritikatu du eta, azpimarratu duenez, "prozedura honetako eztabaida erraza zen, salatzaileak sexu-harremanak izan zituen akusatuekin aurretik adostu ondoren, edo indarkeria edo beldurraren eraginez behartu zuten salatzailea sexu-harremanak izatera, bere borondatearen aurka. Zuria ala beltza, ez zegoen griserako tarterik aldeek Auzitegian aurkeztu genuen planteamenduan".

Horrez gain, sexu-abusuaren frogarik ere ez zegoela esan du Martinez Becerrak, "argi baitago nagusitasuna agerikoa izatea ez ezik objektiboki antzemateko modukoa izan behar da, ez soilik subjektiboki".

Abokatuaren esanetan, bideoa sare sozialetan ez zabaltzeko jarri zuen salaketa biktimak, horren "beldur" zelako, "eta arrisku horren aurrean jarduteko modu logikoa" litzateke.

"Logikoa dirudi -gaineratu du- bere baitan sumina eta beldurra sortzea dagoen egoeragatik eta horrek eragitea gertatutakoarekin bat egiten ez duen salaketa egitea".

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak Matxismoa ‘La Manada’ auzia