Gizartea -

MOBILIZAZIOAK

Pentsiodunak kalera atera dira berriro, pentsio sistema publikoa 'blindatzea' eskatuz

Pentsiodunen iritziz, EAJk eta PPk lorturiko akordioa 'petatxu' bat baino ez da eta horrek ez du bermatzen igoera denboran iraunaraztea.

Pentsiodunen mobilizazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunen mobilizazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunen mobilizazioa Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pentsionista eta jubilatu kalera atera dira enegarrenez Donostian, Bilbon eta Gasteizen, pentsio sistema publikoa Toledoko Itunaren baitan "blindatzea" eskatzeko. Euren aldarrikapenak lortzeko bidea mobilizazioekin jarraitzea dela esan dute eta hori dela eta, kalera irteten segitzeko deia egin dute. Pentsiodunen iritziz, EAJk eta PPk pentsioen igoeraren inguruan lorturiko akordioa ez da nahikoa; are gehiago, ez du bermatzen igoera denboran iraunaraztea.

Bilbon milaka lagun elkartu dira udaletxearen aurrean. Josele Pereira Bizkaiko Jubilatu eta Pentsionisten Plataformako bozeramaileak ziurtatu duenez, ez dira pentsioen etorkizunaren inguruan EAJk arratsalderako Sabin Etxean antolaturiko topaketara joango, besteak beste, gonbidatu ez dituztelako.

Pereiraren hitzetan, urtarrilaren 15az geroztik astelehenero mobilizatzen ari direnak ez dira alderdi edo ildo politiko jakin batekoak,eta alderdi bakar batek ere ez ei du lortuko euren aldarrikapenei muzin egitea.

Udaletxearen aurrean bildutakoen aurrean ohartarazi duenez, pentsio duinak blindatzeko bide bakarra "mobilizazioei" eustea da. Hori dela eta, kalera ateratzen jarraitzeko deia egin du: "Esaten dutena esaten dutela, denak astelehenero hemen".

EAJk eta PPk adostutako % 1,6ko igoera "petatxu" bat dela ohartarazi du: "Bi urtean berriro ere gosea pasatuko dugu". Horrenbestez, protestei eusteko beharra nabarmendu du harik eta pentsio guztiak duinak izatea, legez blindatuta izatea lortu eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea lortu arte.

Bestalde, datorren maiatzaren 26an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Gasteizen, ehunka pentsiodun atera dira kalera "Pentsionistak Araba" plataformaren deialdiari jarraituz. Espainia Plazan elkartu dira eta, besteak beste, pentsio publiko duinak eta gutxienez 1.080 euroko pentsioak aldarrikatu dituzte.

Manifestariek Probintzia plazara arteko bidea egin dute eta bertan irakurri duten manifestuan Diputazioaren eskumenekoak diren adinekoen zentroetan sartzeko dagoen itxaron zerrenda luzea salatu dute. Halaber, proportzian Araban biltzen den dirua aintzat hartuta, Sozietate Zergaren bitartez diru gutxi biltzen dela azpimarratu dute.

Donostian, ostera, mila pertsona baino gehiagok egin dute bat mobilizazioarekin "Alderdi Ederreko Jubilatu eta Pentsiodunen Asanblea"ren deiari erantzunez.

Aldi berean asanblea eta kontzentrazio itxura izan duen mobilizazioan Maria Serrano bozeramaileak adierazi duenez, jubilatuen kolektiboa ez dator bat batetik Aberastasun Handien gaineko Zerga ezabatzearekin eta bestetik menpekotasuna duten pertsonei ematen zaizkien laguntzak murriztearekin.

Ondoren, hiriko kaleetan zehar manifestazioa egin dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostiako azken albisteak Gizartea albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Manifestazioak Pentsioak azken ordukoa