Gizartea -
ERRUGBIKO FINALAK
Bilboko metroak gau osoan funtzionatuko du asteburuan, errugbiko finalak direla eta
Errugbiko Txapeldunen Kopa eta Challenge Kopako finalak tarteko, jende olde handia espero da Bilbon. Hori dela eta, autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute agintariek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak operatibo berezia prestatu dute asteburuan Bilbon ospatuko diren errugbiko Txapeldunen Kopako eta Challenge Kopako finalak tarteko. 100.000 pertsona baino gehiago espero dituzte Bilbon, eta, zirkulazioa arintze aldera, metroak zerbitzu etengabea emango du ostiral goizaldetik igande gauera bitartean.
Ostiralari eta larunbatari begira, autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute agintariek. Halaber, garraio publiko guztia koordinatu dute Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzatik.
Metroak etengabeko zerbitzua emango du hiru egunetan, ostiral goizaldetik igande gauera bitartean, eta maiztasunak handituko ditu joan-etorri handieneko orduetan. Horrez gain, tranbia, Bilbobus eta Bizkaibus zerbitzuak ere indartuko dituzte.