Gizartea -
Feminismoa
Munillaren adierazpenak kritikatu dituzte gizarte eragileek, erakundeek eta alderdiek
Elizak emakumearen “bizitza, osasuna eta gorpua zirikatzen jarraitzea onartezina” dela uste du Mugimendu Feministak. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Munillaren hitzak “ulertezinak” dira.
Agentziak
Elizak emakumearen “bizitza,osasuna eta gorpua zirikatzen jarraitzea onartezina” dela adierazi du gaur Bizkaiko Mugimendu Feministak. “Deabruak feminismoari gol bat sartzea bitxia da”, esan zuen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak astelehenean, Radio Maria irratiko 'Sexto continente' irratsaioan. “Genero ideologia onartuta, feminismoak harakiri moduko bat egin du”, gaineratu zuen gotzainak.
Martxoaren 8ko grebaren ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoan, Eliza “emakumeei behin eta berriro zer egin behar dugun esaten digun sistema heteropatriarkatuaren parte da”, kritikatu du kolektiboak.
Munillaren jarrera "ulertezina" dela uste du Eusko Jaurlaritzak
Era berean, Munillaren “zoritxarreko” adierazpen “ulertezinak eta desegokiak” kritikatu ditu Eusko Jaurlaritzak.
“Euskal gizarteko inork adierazpenen zentzua, garrantzia eta edukia ulertzea zalantzan jartzen dut, baita Eliza Katolikoaren barruan iritzi horrekin ados egotea ezbaian jarri ere”, adierazi du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseilua bildu ondoren.
Olanoren ahotan, Munilla Gipuzkoaren "gehiengoak" pentsatzen duenetik "urrun" dago
Gotzainaren adierazpenak gipuzkoarren “gehiengoak” pentsatzen duenetik “urrun” daudela azaldu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Argitara eman dituzten titularretan “errealitatea ulertzeko kontzeptu eta moduak une honetan Gipuzkoako lurraldea denaren guztiz at daude, eta orain gipuzkoarren gehiengoa pentsatzen duenetik urrun”, esan du Olanok.
Aburtoren hitzetan, Munillak "hanka sartu" du
Donostiako gotzainak “hanka nabarmen sartu” duela uste du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Aburtoren ustez, “hori ez da lurraldeko gotzain batek egin beharrekoa”.
Jose Ignacio Munillaren hitzek “inondik ere” ordezkatzen ez dutela esan du Aburtok. “Beste behin ere, gizon honek hanka nabarmen sartu du eta hori ez da lurralde bateko gotzain baten eginbeharra”, kritikatu du. Munillak “Gipuzkoako Eliza ere zatiturik” duela gogorarazi du alkateak.
Munillaren gogoeta "anakronikoa" dela uste du Goiak
Bestalde, gotzainaren adierazpena “erabat anakronikoa” eta “lekuz kanpo” dagoela azpimarratu du Eneko Goia Donostiako alkateak.
Goiaren ahotan, “beste mundu batean bizi da”. “Guztiz anakronikoa da, lekuz kanpo dago”, nabarmendu du alkateak. “Elizako ordezkari baten” hitzek “ez diote gehiengoari” eragiten, ondorioz, “ondo edo txarto irudituko zaie batzuei eta besteei”, gaineratu duenez.
PSE-EE: “Munilla berdintasun eza hutsaltzen ari da eta bihozgabetasun handia azaldu du”
Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren buruzagiak kritikatu duenez, “berdintasun eza hutsaltzen ari da eta emakumeek pairatzen dituzten arazoen aurrean bihozgabetasun handia azaldu du” Munillak.
Anduezaren hitzetan, gotzainaren iritziak “errealitatetik at daude” eta deabruaz hitz egitea “Erdi Aroko berezkoa” da.
Munilla "emakumeen beldur" dela esan du Ezker Anitza-IUk
Gotzaina “emakumeen eta ahaldundu dituen mugimendu feministaren beldur” dela ziurtatu du Arantza Gonzalez Gipuzkoako Ezker Anitza-IUren koordinatzaileak.
Gonzalezen ahotan, “hierarkia eklesiastikoaren menpean egoteari utziko dioten emakumeei beldurra dien gizon baten erantzuna da; ama eta zaintzaile paper bakarrean azpiraturik nahi dituelako”.