Gizartea -
Soldata berdintasuna
Emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldea salatu du Emakundek
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gizonek emakumeek baino 7.000 euro baino gehiago kobratzen dute urtean.
Agentziak | Erredakzioa
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak salatu duenez, emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldeak ezberdintasuna betikotzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gizonek emakumeek baino 7.000 baino gehiago kobratzen dute urtean, batez beste.
Otsailaren 22a Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna da, eta horren kontura, gogoeta egin du Emakundek.
Ohar batean ohartarazi duenez, soldaten artean dagoen aldea "erabatekoa" da. Izan ere, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuen arabera, soldaten arteko ezberdintasuna batez beste 7.489 eurokoa da urtean. Gizonek 31.271 euro jasotzen dituzte urtean batez beste; emakumeen kasuan, 23.781 eurokoa da batez besteko soldata. Sektoreka, soldata ezberdintasun handienak zerbitzuen alorrean egon ohi dira, emakume gehien enplegatzen dituen sektorean, hain justu.
Emakumeak, lan mota batzuetan bereziki
Soldata ezberdintasunaren arrazoiak aztertzeko orduan "lan segregazioa" aipatu du Emakundek. Horren arabera, emakumeak lan mota jakin batzuetan aritzen dira edota buruzagitzan aritzea oztopatzen zaie. Segregazio horren erruz, "emakumeentzako lanak" daude, soldata baxuagoak dituztenak, Emakunderen esanetan.
Bada beste faktore bat. Zenbaitetan lan malguagoak bilatzen dituzte emakumeek familia eta lana uztartzeko. Hala, EAEn andrazko beharginen % 80k lanaldi partziala dute.
Bestalde, emakumeen esku uzten dira maiz adinekoen eta umeen zaintza, eta horren eraginez, andrazkoek zailago dute lan munduan gizonen baldintzekin parekatzea.
Diskriminazioa lan bera duten sexu ezberdineko pertsonen artean ere egoten da, Emakunderen hitzetan.