Gizartea -
Behatokia
"Hizkuntza-eskubidea ez da lehen mailako arazoa erakundeentzat"
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, "euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazioentzat eta Euskara askatasunean erabiltzea galarazten zaio euskal hiztunari".
Erredakzioa
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak aipatu duenez, "euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazioentzat. Hizkuntza-eskubideak bigarren mailako eskubideak dira eta haien urraketak ez du inolako ondoriorik eragiten. Euskara askatasunean erabiltzea galarazten zaio euskal hiztunari".
Egoera hori iraultzeko zer beharko litzatekeen ere aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, "euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeari begira inflexio-puntua eman behar da hizkuntza-politiketan", azaldu du.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2009an jasotako espedienteak biltzen dituen urteko txostena aurkeztu du prentsaurrekoan. Gasteizko Canciller Ayala hotelean egindako prentsaurrekoan, urteko txostena aurkezteaz gain, Behatokiko zuzendari berriaren aurkezpena ere egin da agerraldian.
Behatokiko zuzendari berriak, Garbiñe Petriatik, Bilbaok egindako azken adierazpen horri ere heldu dio, "1.400 espediente bideratu izanak ondorio batera garamatza: inflexio-puntua nahitaezkoa da hizkuntza-politiketan". Aldaketa hori eman beharraren arrazoiak ere azaldu ditu Petriatik; lehenik, "bederatzigarrenez esan behar dugu hizkuntza-eskubideak lurralde guztietan eta administrazio guztiek urratzen dituztela". Bigarrenik, euskal hiztunen kontzientziari erreferentzia egin dio Behatokiko zuzendariak: "euskal hiztunaren kontzientzia gero eta handiagoa izanik, ulertezina da aldarrikapen horri erantzun ez izana", esan du Petriatik.
Txostenean jasotako ondorio zehatzen berri eman du Petriatik. Ipar Euskal Herriaren kasuan, "euskarak ikusezintasunean jarraitzen duela" esan du.
Hego Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Estatuko Administrazioa aipatu du lehenik Petriatik. "Espainiako Estatuko Administrazioak oldarkor" agertzen jarraitzen du. Horren adibide dugu administrazio telematikoan euskara baztertu izana.
Nafarroako Gobernuarentzat, soilik gaztelania da administrazio-hizkuntza.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, hizkuntza-eskubideen bermerako mekanismoetan aldaketarik ez dela eman aipatu du Behatokiko arduradunak. "Urraketen aurrean ez-ikusiarena egiten du". Eremu sozio-ekonomikoan ere, ez da aldaketa eraginkorrik egin herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Behatokiko zuzendariaren esanetan.
Bederatzigarren txostena da Behatokiak aurkeztu duena. Eta, ordezkarien arabera, "zoritxarrez, bederatzi urtez izandako beltzuneek bere horretan jarraitzen dute".
Zuzendari berria
Garbiñe Petriati Ijurra (Arbizu, 1962) izango da hemendik aurrera Behatokiko zuzendaria, Petriatik ibilbide luzea egin du euskalgintzan. 1986an helduen euskalduntze-alfabetatzean hasi zen. Hamabi urtez egon zen bai eskolak ematen, bai eta didaktika-zerbitzuan ere. Kontseiluaren Bai euskarari Sakanan proiektuan teknikari aritu zen. Azken bederatzi urteetan Bierrik fundazioaren kudeatzaile, tokiko hedabideen sustatzaile izan da.