Gizartea -
GIPUZKOA
Zubietako erraustegia egiteko lanak urrian esleituko dira
Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak esan duenez, eraikuntza berria egiteko 'eredu europarra' hartuko dute kontuan; 'ingurumena errespetatu' eta 'segurtasun berme guztiak' beteko dituela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zubietako erraustegia egiteko lanak, aurreikuspenaren arabera, urrian esleituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, horretarako beharrezkoa den ingurumen-inpaktuari buruzko baimena eman baitu Eusko Jaurlaritzak. Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak Donostian hedabideen aurrean egin duen agerraldian jakinarazi duenez, hil honetan lizitatuko da eraikuntza.
Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eman du erraustegia egiteko beharrekoa zen ingurumen baimena. Lasaren esanetan, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten exekutiboak Bilduk utzitako "herentziari" egin behar izan dio aurre: "zaborra kalean, 40 milioi euroko zorra eta eraikuntzarik ez zaborrak kudeatzeko".
Egungo gobernua arazoari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko neurriak hartzen ari dela adierazi du bozeramaileak, eta, horretarako, "eredu europarra" hartu dutela kontuan azaldu du; "ingurumena errespetatu" eta "segurtasun berme guztiak" beteko dituen erraustegia egingo dutela esan du.
Gipuzkoako Aldundiak jarrera "positiboa" badu ere, "oraindik politika zaharrak, pankartak eta liskarrak" nahiago dituztenen jarrera salatu du Lasak.
Lau atxiloketa
Bitartean, Gipuzkoa Zutik erraustegiaren kontrako plataformak deituta, dozenaka lagun protestan ari dira azken egunotan Donostian. Gaur, Boulevard zumardian kanpaldian zeuden lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak. Identifikatzeari uko egiteagatik atxilotu dituzte, Segurtasun Sailaren arabera.