Gizartea -

Eskaera

Renfek Urduñako geltokiaren irisgarritasuna hobetuko du 2017rako

Ostegun honetan bertan izan da protesta bat, Urduñan, Renferi eskatzeko bertako tren-geltokiak irisgarritasun hobea izatea.

Maria Luisa Goikoetxeak babesa jaso du manifestazioan. Argazkia: EiTB.
Maria Luisa Goikoetxeak babesa jaso du manifestazioan. Argazkia: EiTB.
Protesta Urduñan, geltokiak eta trenak egokitu ditzaten

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renfek proiektu bat enkargatu dio Ineco aholkularitzari, xede izanik Urduñako tren-geltokiaren irisgarritasuna hobetzea. Lanak 2017an amaitu beharko lirateke, Sustapen Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez.

Aurtengo otsailean, Maria Luisa Goikoetxeak (Urduñako biztanlea da, eta gurpil-aulkia behar du, iktus bat pairatu ostean), eskaera bat abiatu zuen Change.org webgunearen bidez. 115.000 sinadura bildu ditu; asmoa da Bilbo-Urduña linean dibertsitate funtzionala duten pertsonek trenera igo eta bertatik jaitsi ahal izatea inolako laguntzarik jaso gabe.

Renferen erabakia jakitera eman duten egunean bertan, ostegun honetan, protesta bat egin dute Urduñan dozenaka lagunek; Fekoorek deituta (desgaitasun fisikoa ala organikoa duten bizkaitarren federazioa da Fekoor).

Manifestazioan, babesa eman diote Goikoetxeari, geltokia eta bagoiak egoki ditzaten. Parte-hartzaileetako batzuk gurpil-aulkian zihoazen.

Tren-enpresak zabaldu du geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko proiektua enkargatuko duela; aukera dago udan zehar ere ixtea.

Gerora, lanen lizitazioa egingo dute; berori 2016. urtea amaitu aurretik egitea aurreikusten dute. Proiektua esleituta, lanak 6-8 hilabetez egingo lituzkete.

Bilbo-Urduña aldirietako linean, beste irisgarritasun-lanak ere egin dituzte, hala nola Arrigorriagan (amaituta daude), Arrankudiagan (hasi berri dira) eta Ugaon (lizitazio-fasean daude).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? EAE Gizartea albisteak Arrigorriaga Eguneko albisteak Dibertsitate funtzionala Arratia-Nerbioi Urduña azken ordukoa Renfe azken ordukoa