Gizartea -
Abusuak
Gazteluetako ustezko sexu abusuak ikertzeko eskatu du aita santuak
Irakasle batek 12 urteko ikasle bati ustez egindako abusuengatik 'babesa' agertzeko gutuna bidali dio Frantziskok familiari. Senitartekoek kereila aurkeztu dute.
Agentziak| Erredakzioa
Gazteluetan, Opus Dei Eliza Katolikoaren erakundeak Leioan (Bizkaia) duen ikastetxean, duela zortzi urte 12 urteko mutiko batek ustez jasan zituen sexu abusuak ikertzeko agindua eman du Frantzisko aita santuak.
Aita santuak gutuna bidali zion familiari 2014ko abenduan, El Mundo egunkariak gaur jaso duenez. EFE albiste agentziak ere eskuratu duen gutunean, mutikoari babesa agertu zion aita santuak, gertaera horiek direla-eta eraman behar duten “gurutzea oso handia” dela adierazi zuen, eta hori “eramaten” laguntzeko eskatu zion Jainkoari.
Antza, mutikoaren gurasoek aita santuari idatzi zioten aurretik, adingabea zenean semeak ikastetxe horretan pairatutakoak kontatzeko.
Egunkariaren arabera, Gabonetan erantzun zien Frantziskok, gutuna eta harekin batera bidalitako dokumentazioa eskertzeko eta bere otoitzarekin “hurbil” senti dezatela eskatzeko.
“Gainera, gaur bertan bidaliko dut auziaren dokumentazioa Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak irakaslearen eta ikastetxearen kontrako epaiketa kanonikoa egiteko ikerketa abia dezan, baina umeari enbarazu egin gabe”, esan zien Frantziskok. Gutuna “2015 santu eta itxaropentsua” opaz bukatu zuen aita santuak.
Bilboko Gotzaintzaren arabera, ikastetxea "Opus Deirena da juridikoki", eta, horrenbestez, Gotzaintzaren "eskumenetatik kanpo" dago.
Opus Deiren mehatxuak
Bestalde, Encarna Garcia Eskola Jazarpenaren aurkako Elkarteko (ACAE) presidenteak salatu du Opus Deitik "presioak eta mehatxuak" egin dizkietela adingabearen senideei babesa agertzeagatik.
Horren esanetan, umearen gurasoek gertatutakoa kontatu zutenean, irakasleek eta ikasleek jazarpena egin zioten umeari, eta, ondorioz, ikastetxetik atera behar izan zuten, eta auzia Hezkuntza Sailburuan salatu zuten.
Familiak kereila aurkeztu du
2013ko urtarrilean eman zuen auzia ezagutzera mutikoaren aitak, semeak ustez jasandako abusua hainbat komunikabidetan salatuz, ikastetxeak salaketei erantzun egokia eman ez ziela ikusita.
Horren esanetan, ikastetxe horretako irakasleetako batek sexu abusuak egin zizkion mutikoari, 12 urte zituela, 2008-09 eta 2009-10 ikasturteetan. 2011n izan zuten gurasoek horren berri, gazteak ikastetxera joateari uko egin zionean. Hala ere, familiak salaketarik ez jartzea erabaki zuen, adingabea erabat abailduta zegoenez (tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari da oraindik) auzia jasateko moduan ez zegoelako.
EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu zuen, baina artxibatu egin behar izan zituen, ikerketan aurrera egiteko modurik ez zegoela ikusita.
Mutikoak 18 urte bete dituenean, baina, familiak kereila aurkeztu du Getxoko epaitegi batean, eta aita santuak bidali zien gutuna atxiki du bertan, epaitegitik baieztatu dutenez.
Ikastetxea, ikerketan laguntzeko prest
Bestalde, Imanol Goyarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendariak oharra argitaratu du zentroaren webgunean eta, besteak beste, sexu abusuen ustezko egilea jada ez dela eskola horretako irakaslea azpimarratu du.
Salaketak dioena baieztatuz gero, “erabateko gaitzespena” agertuko lukeela esan du. “Familiarekin batera, gu gara egia ezagutu nahi dugun lehen interesatuak”, nabarmendu du.
Urte hauetan guztietan ikasle ohia eta bere senideak sufritzen ikustea ikastetxearentzat gogorra izan dela ere adierazi du. “Gure babesa helarazi eta gertakariak argitzeko konpromisoa dugula jakinarazi nahi diet”, erantsi du.
Zuzendariaren hitzetan, ikastetxea “hasieratik” aritu da ikertzaileekin “elkarlanean” eta une oro “familiarekin hartu-emanetan izan gara, haiek harremana etetea erabaki zuten arte”.
Gauzak horrela, gogora ekarri du 2011ko urrian gurasoek salaketa jarri zutela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzan eta horren ondotik Adingabeen Fiskaltzak ikerketa bat jarri zuela abian.
Orduan, umeak jasandako eskola-jazarpena salatu zuen familiak, irakaslearen jarrera pedofiliogatik.
EAEko fiskalburuak ere ikerketa bat zabaldu zuen, baina gerora artxibatu egin zuten.
“Instantzia guztiek ondorioztatu zuten irakaslearen aurkako akusazioa mantentzen argudio nahikorik ez zegoela eta denek erabaki zuten kasua artxibatzea”, azpimarratu du Gorrayolak.
Horrez gain, salatutako irakasleak ere “agintariekin kolaboratu” zuela nabarmendu du. “Akusazioak faltsutzat jotzen ditu eta bere burua defendatzeko auzitegira joateko nahia erakutsi du beti”.
Aita santuak egindako eskariaren harira, Gazteluetako zuzendariak esan du ez dutela ikerketaren ondorioen inolako berririk.
Alabaina, “Frantzisko aita santua asko maitatzen eta miresten dugu ikastetxe honetan eta bere esanak betetzeko interesa dugu. Aita santuarengandik datorren guztia ongietorria izango da”, azaldu du.
Bilboko Gotzaingoaren adierazpena
Bestalde, Bilboko Gotzaingoak esan du Gaztelueta ikastetxea Opus Deikoa izanik, bere jurisdikziotik kanpo dagoela eta, ondorioz, ez dutela ikerketarekin lotutako inolako eskaerarik jaso, ez Elizaren erakundeetatik, ezta epaiteagatik edo elkarte zibiletatik ere.
Nolanahi ere, “Bilboko Gotzaingoa hasieratik agertu da prest familiarekin, ikastetxearerekin, Opus Deiko prelatutzarekin eta instantzia judizialekin elkarlanean aritzeko, gertakariak argitze aldera”, azpimarratu du apezpikutzat ohar batean.