Gizartea -
Errefuxiatuen drama
Euskal erakundeek errefuxiatuak hartzeko plana landuko dute
Jaurlaritza diputazioekin eta udalekin bilduko da, EAEra heltzen diren errefuxiatuak hartzeko protokoloa zehazteko. Gobernuz kanpoko erakundeekin ere batzartuko direla jakinarazi dute.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritza foru aldundiekin, Eudelekin eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalekin bilduko da Euskadira helduko diren errefuxiatuak hartu eta banatzeko protokoloa adosteko, Jaurlaritzak berak egindako iragarpenaren arabera.
Iñigo Urkulluren Exekutiboa asteazken honetan batzartuko da euskal erakundeekin, eta ostegunean, berriz, horretan inplikatutako gobernuz kanpoko erakundeekin egingo du bilera.
Jaurlaritzaren departamentu arteko batzordean hartutako lehendabiziko erabakiak dira. Lehendakaritzan egin dute batzarra, eta Lehendakaritzako hiru idazkari nagusiak eta sail guztietako ordezkariak izan dira bertan.
Jaurlaritzaren ustez, “oso positiboa” izan da euskal gizarteak errefuxiatuen krisiaren aurrean erakutsi duen “jarrera espontaneoa eta eskuzabala”, baina elkartasun erantzun horri bidea eman behar zaiola iritzi dio, eta, horretarako, “koordinazioa eta antolakuntza” ezinbestekoak direla azpimarratu du.
Hori horrela, asteazkenean erakunde arteko batzordea bilduko dute; hau da, Jaurlaritza, foru aldundiak, Eudel eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udaletako ordezkariak elkartuko dira. Lehendakariak erabakita, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak zuzenduko dute batzorde hori.
Horrez gain, departamentu arteko batzordea gutxienez astean bi aldiz batuko da, errefuxiatuak hartzeko plana koordinatzeko.
Bestalde, ostegunean beste bilera bat deitu dute gobernuz kanpoko erakundeekin “errefuxiatuen arazoarekin zuzeneko lotura dutelako eta Estatuan nahiz Europan koordinatuta daudelako”.
Dagoeneko jarri dira aipatu erakundeekin harremanetan, “koordinazio dinamikari ekiteko”.
Lehendabiziko neurriak
Harreraren lehen fasean eskaini beharko liratekeen oinarrizko zerbitzuen zerrenda zehaztu dute jada. Jaurlaritzaren ustez, hasieratik eskaini beharreko zerbitzuak hauek dira: hasierako harrera lekua zehaztea, arropak eta elikagaiak ematea, arreta psikologikoa eskaintzea, eta eskolatze-eskubidea bermatzea.
Horrez gain, “Baliabideen Mapa” deitutakoa ezartzea ere proposatuko die Jaurlaritzak diputazio eta udalei, lurraldeka eta herriz herri zenbat errefuxiatu hartuko dituzten zehazteko. Horretarako, “Europako eredua” hartuko dute oinarritzat.
Amaitzeko, Jaurlaritzak gogora ekarri du ezinbestekoa dela “krisi hau gainditzeko oinarrira joatea” eta, ondorioz, gobernuz kanpoko erakundeek Siriako gatazkari buruz aurkezten dituzten proposamenak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez babestuko dituela iragarri du.
Bilboko Udala
Bilboko Udalak arratsaldean jakinarazi du Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko dela, errefuxiatuen arazoari erantzun “integrala eta koordinatua” emateko, eta, ildo horretan, gerratik ihesean datozenak Bilbon hartzeko eskura dituen bitartekoak jarriko dituela esan du.
Udaletxeko talde guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE, PP, Udalberri eta Goazen Bilbao) babestu dute adierazpen instituzionala.
Juan Mari Aburto alkateak irakurritako adierazpenaren arabera, “ahalik eta azkarren” egingo dute “baliabide materialen inbentarioa”, Jaurlaritzaren esku uzteko. Bilboko Udalaren asmoa lehendabiziko harrera fasean laguntzea bada ere, ez du baztertu “harrera denboran luzatzeko nahiz betiko izatea”.
“Espainiako Gobernuari eta Europar Batasuneko erakundeei azkar eta modu eraginkorrean jarduteko eskatzen diegu, milaka pertsona Europari babesa eskatzen ari diren honetan”, izan da Udalaren eskarietako bat. Horrez gain, elkartasuna helarazi die gerran dauden herrialdeetako errefuxiatuei, eta haiek “berme guztiekin” hartzeko lan egingo dutela agindu du Bilboko Udalak.
Amaitzeko, Gobernuz kanpoko erakundeek, gizarte eragileek eta Bilboko herritarrek eurek “sufritzen duten pertsonei laguntzeko egindako lana” goraipatu eta talde horiekin guztiekin elkarlanean jarraitzeko borondatea berretsi du.
EH Bilduren eta Udalberriren kritika
Bestalde, bozeramaileen batzordean onartutako adierazpenari babesa eman badiote ere, EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak eta Udalberriko Carmen Muñozek azaldu dute gabezia batzuk badituela; Bilboko Udalak Bartzelonako Udalak bultzatutako “harrera-hirien sarean” egoteari eta errefuxiatuek bizi duten egoera larrian “Europak duen erantzukizun politikoari” aipu egiteari uko egin izana, horren erakusgarri.
Getxoko Udala
Getxoko Udalak ere Jaurlaritzak osatutako batzordeak zehazten duen errefuxiatuentzako harrera programan parte hartzeko borondatea agertu du.
Bozeramaileen batzordeak goizean onartu du (gehiengoaren babesarekin eta EH Bildu eta GUK alderdien abstentzioarekin) errefuxiatuen krisiari buruzko adierazpen instituzionala.
EH Bildu abstenitu egin da, testuak “konpromiso zehatzik aipatzen ez duelako” eta “asmo onak erakusteko adierazpena baino ez delako”.