Gizartea -
Polemika
Maroto: 'Diru-laguntzen kudeaketa okerra salatzen jarraituko dut'
'Gorrotoa sustatzeagatik' deklaratzera deituta zegoen Gasteizko alkatea. Epaitegitik atera denean, 'pozik' agertu da, fiskalaren aurrean bere hitzak argitzeko aukera izan duelako.
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean azalpenak eman ditu gaur, etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzen harira uztailean egin zituen adierazpen polemikoak argitzeko. Gasteizko alkateak diru-laguntzen kontura bizitzea egotzi zien etorkinei. SOS Arrazakeriak salaketa jarri zuen, adierazpen horiekin Marotok "gorrotoa sustatu" zuelakoan.
Epaitegitik atera denean, "pozik" dagoela esan du, fiskalaren aurrean bere hitzak argitzeko aukera izan duelako. Halaber, gizarte laguntzen "kudeaketa okerra" salatzen jarraituko duela gaineratu du alkate popularrak. "Ni hemen deklaratzen nagoen bitartean, laguntza sozialen iruzurra 20 milioikoa dela esaten ari dira Legebiltzarrean", nabarmendu du. Ordubeteko deklarazioan, etorkinek jasotzen dituzten laguntzen inguruan orain arte esan dituenak bere horretan berretsi ditu fiskalaren aurrean Gasteizko alkateak. Bere hitzetan, oinarrizko errenta bermatzeko laguntzak banatzerakoan "irregulartasunak" daudela "egia" da.
Alkateak fiskalari esan dio bere asmoa ez dela inoiz "indarkeria sustatzea izan", berak "beti" indarkeria mota oro, batekoa zein bestekoa, salatu izan duelako. Bere "helburu bakarra" laguntza sozialen inguruan ematen ari den "iruzurra" salatzea dela esan du. "Laguntza sozialetan ematen ari den iruzurrean ez dago bereizketarik arraza, adin, sexu edo erlijioari dagokionean", esan du.
"Uztailean egin nituen adierazpenak Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuekin berresteko aukera izan dut gaur fiskalaren aurrean. Jaurlaritzak onartu du emandako diru-laguntzen lautik batean iruzurra edo irregulartasuna atzeman dutela", gaineratu du.
SOS Arrazakeria elkartearen protesta
Bilboko Justizia Auzitegian zuen hitzordua, 08:30ean. Iritsi denerako 25 bat lagun zain zituen, eta "arrazista eta faxista" oihuekin hartu dute alkatea. Elkarretaratzea egin dute, Marotoren jarrera salatzeko.
Fede Garcia SOS Arrazakeria elkartearen Arabako bozeramaileak "gizarte-bazterketaren kriminalizazioaren tsunamia" gelditzeko alkatearen aurkako mozio zentsura aurkeztea eskatu du. Garciaren aburuz, Marotoren hitzak "arrazistak eta baztertzaileak" dira. Hitzok "gizartean eragiten ari diren kaltea" alkateari ordainarazi egin behar zaiola uste du.
Gaur, berriro, Marotok uztailean esandakoak berretsi egin dituela, eta, beraz, ondorioak beregain hartu behar dituela azpimarratu du Garciak. "Nahigabe eragindako hilketen aurrean, nahigabekoa izan arren, egileak ordaindu egiten du. Kasu honetan ere, Marotok egindako adierazpen arrazista eta baztertzaileek kaltea eragiten ari dira gizartean eta ez genuke ulertuko horrek zigorrik ez izatea", esan du.