Gizartea -
Laguntza sozialak
Jaurlaritzak laguntza sozialak itzultzeko eskatu die 10.000 pertsonari
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaile horiei zegozkiena baino 56 milioi euro gehiago eman dizkietela zehaztu du Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren 10.000 hartzaileri zegozkiena baino 56 milioi euro gehiago eman dizkie Eusko Jaurlaritzak, eta orain diru hori berreskuratzen saiatzen ari dira.
"56 milioi euroko ordainketa okerrak atzeman ditugu, eta hartzaileek dirua itzultzea saiatzen ari gara", azaldu du Aburtok ETB1en egindako elkarrizketa batean.
Lanbidek gutunak igorri zizkien astelehenean 10.000 pertsona horiei, 2012. eta 2013. urteetan zegozkiena baino diru-laguntza handiagoak jaso zituztelako. Gutun horietan, dirua itzultzea eskatu, eta, hala egin ezean, auzitara joko duela ohartarazi die.
EFE agentziak zehaztu duenez, EAEko Enplegu zerbitzuak 45.000 euro berreskuratu ditu bi egunean.
Aburtok ukatu egin du Lanbideren bulegoak "kolapsatu" egin direla (hedabide batek "kexu ugari" jaso dituztela publikatu du gaur), baina Bilboko bi bulegotan telefono-lineek gainez egin dutela aitortu du.
Nolanahi ere, sailburuak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren alde egin du, eta Euskadin 25 urte duen "eskubide subjektiboa" dela azpimarratu du.
"Batzuek aurkakoa esan arren, Lanbidek kontrol zorrotzak ditu, eta datuak Gizarte Segurantzarekin, foru aldundiekin eta Estatuarekin alderatzen ditu, balizko iruzurrak edota ordainketa okerrak atzemateko", esan du.