Gizartea -
Memoria historikoa
Frankismoaren biktima bi, pozik Auzitegi Nazionalean deklaratzeagatik
Faustina Romeral Cervantes, 90 urtekoa, eta Teresa Alvarez Alonso, 93 urtekoa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzen duten frankismoaren lehen biktimak dira
Erredakzioa
90 urteko bi emakumek beraien senideek frankismoan jasan zuten jazarpenak kontatu dizkiete Fernando Andreu Audientzia Nazionaleko epaileari eta Maria Servini epaile argentinarrari. Andreek egun zoriontsua dela esan dute, epaile batek entzun dituelako.
Faustina Romeral Cervantes, 90 urtekoa, eta Teresa Álvarez Alonso, 93 urtekoa, Madrilgo Audientzia Nazionalean deklaratzen duten frankismoaren lehen biktimak dira, Argentinako epaileak justizia unibertsalaren printzipioari jarraituz egiten ari diren epaiketan.
Lehen aldiz, Frankismo garaiko bi biktimak Auzitegi Nazionalean deklaratu dute, eta Fernando Andreu bertako epailearen aurrean egingo dute gainera.
Deklaratzen lehena Faustina Romeral Cervantes 90 urteko emakumea izan da. 15 urte zituela atxilotu zuten Romeral aitarekin eta amarekin batera, eta aita hil egin zuten eta ama, berriz, kartzelara bidali zuten. Halaber, Faustina Romeral bere ere kartzelan egon zen 1947 eta 1953 bitartean. Bestalde, Teresa Alvarez Alonsok, 93 urtekoa, haren aitonak, aitak eta bi anaiek jasan zuten tratuaz hitz egin du.
Maria Servini epaile argentinarrak diktadura frankistak egindako krimenak ikertzeko irekitako kausaren baitan hartuko die deklarazioa aipaturiko bi biktimari. Zehazki 1936ko uztailaren 18a eta 1977ko ekainaren 17a bitarteko krimenak ikertuko dituzte.
Deklarazioa hartzera Euskal Herrira, Andaluziara eta Madrilera
Argentinatik Euskal Herrira eta Espainiara joan zen Maria Servini epailea, adinagatik edo bestelako baldintzengatik Argentinara bidaiatu ezin duten biktimei deklarazioa hartzeko.
Epaile argentinarrak Julen eta Luisa Kalzada anai-arrebak galdekatu zituen Gernikan. Julen Kalzada Zamoran preso egon zen eta Burgoseko prozesuan epaitu zuten. Luisa Kalzadak, bestalde, aita eta beste zazpi pertsona Busturian fusilatu egin zituztela salatu zuen.
Halaber, epailea Miranda de Ebroko (Burgos) ospitalera joan zen, bertan Felix Padin miliziano anarkista bilbotarra baitago. Padin zenbait kontzentrazio eremutan izan zen, baina epaileak ezin izan zuen haren testigantza jaso, eskabidea epaitegietara heldu ez zelako. Halere, elkarrizketa bat izan zuten eta "buru argiko" gizona dela adierazi zuen. Padin ospitalean dago, barneko odol isuria izan duelako.
"Billy el Niño"ren eta Muñecas kapitainaren estradizioa ukatu berritan egin du Euskal Herrira eta Espainiara bidaia Maria Servinik. Euskal Herritik, Andaluziatik eta Madrildik igaro ostean maiatzaren 30an abiatuko da Argentinara.