Gizartea -

Andina Pereiraren hilketa

Mungiako Udala akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian

Udal ordezkariek indarkeria matxistaren aurrean "tolerantziarik ez izateko" deia egin diete herritarrei.

Mungiako Udalak ezohiko saioa egin du, Adinaren hilketa gaitzesteko. EFE
Mungiako Udalak ezohiko saioa egin du, Adinaren hilketa gaitzesteko. EFE
Mungiako Udalak ezohiko saioa egin du, Adinaren hilketa gaitzesteko. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mungiako (Bizkaia) Udalak elkarretaratze egin dute astearte arratsaldean, 19:00etan, Andina Pereiraren hilketa matxista gaitzesteko. Udaletxe aurrean izan da protesta ekitaldia.

Ezohiko eta premiazko saio batean onartutako adierazpen instituzionalean, gainera, Udalak prozesu judizialean akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du, Andinaren senideen eskubideak bermatzeko eta Mungiako herritarren izenean justizia eskatzeko.

Adierazpenean, Udalak "gaitzespen irmoa" agertu du Andinaren "heriotza bortitz eta bidegabearen" aurrean. Halaber, "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi die seme-alabei, senideei eta lagunei.

Udal ordezkariek indarkeria matxistaren aurrean "tolerantziarik ez izateko" deia egin diete herritarrei.

"Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren ikur bortitzena da, eta atentatu larria da emakumeen duintasunaren eta osasunaren aurka. Horrenbestez, Giza Eskubideen urratze larria eta onartezina da", gaineratu dute.

Udalak "gaitz" honen aurka "denok batera" borroka egitea eskatu du, "edozein indarkeria zantzu edo mehatxu matxista salatuz".

Azkenik, dolu gisa, Mungia izenaren 'M' letra morez margotuta izango da aste honetan, herriko karteletan.

Alkateak "lasaitasunez baina irmo" erantzuteko deia egin du

Saioa bukatu eta gero, Izaskun Uriagereka alkateak hilketaren aurrean erantzun "lasaia baina irmoa" emateko deia egin die herritarrei.

Alkatearen esanetan, "lehentasuna" orain biktimaren bi seme-alabak, Amanda eta Marcos (10 eta 14 urtekoak), artatzea da. Bizkaiko Aldundiaren esku daude.

Uriagerekak elkartasuna agertu die senideei, "une gogorrak" direlako, eta biktima brasildarra bazen ere, Mungian bizi diren guztiek herria "elkarrekiko errespetua oinarri hartuta" eraiki behar dutela adierazi du.

Jaurlaritzaren gaitzespena

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bat egin du euskal gizartearen "aho bateko gaitzespenarekin", eta "elkartasuna" adierazi die Andinaren senideei eta lagunei.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, elkarretaratzeetan parte hartzea eskatu die herritarrei Erkorekak, "indarkeria matxista ekintza onartezin hauek errepika ez daitezen".

Eudelek bat egin du elkarretaratzearekin

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak bat egin du udalek eta erakundeek deitu dituzten protesta guztiekin.

Agiri batean, Eudelek "gaitzespen irmoa" agertu du, eta indarkeria matxistak eragindako hilketak "arazoaren zati bat" baino ez direla gogorarazi du.

"Emakumeen aurkako indarkeria guztiak (psikologikoak, ekonomikoak, fisikoak eta sexualak) horien duintasunaren eta osasunaren aurkako atentatu larriak dira", azpimarratu du.

 

 

 

 

-----------

Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarraitu gida honetako aholkuak edo deitu 016 edo 900 840 111 telefonoetara. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Mungia argazkiak Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur Krimenak azken ordukoa