Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

Alokairua eta birgaitzea, Etxebizitza Plan berriaren gakoak

Aurreko planekin alderatuta, alokairuaren eta birgaitzearen alde egiten du, “krisiak baldintzatu duen merkatuaren beharrak asetzeko”, Juan Maria Aburto sailburuak adierazi duenez.

Guztira 8.000 etxe egingo dira datozen lau urteetan. EITB.
Guztira 8.000 etxe egingo dira datozen lau urteetan. EITB.
Datorren lau urteetarako etxebizitza plana onartu du Jaurlaritzak

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 Etxebizitza Plana onartu du gaur. Aurreko planekin alderatuta, alokairuaren eta birgaitzearen alde egiten du, “krisiak baldintzatu duen merkatuaren beharrak asetzeko”, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez.

“Krisialdi ekonomikoak azken urteetako egoera aldatu du Euskadin: lanari eusteko edo lana aurkitzeko eta hipotekaren ordainketari aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsona gehiago daude. Oztopo horiengatik guztiengatik,  etxebizitzen erosketaren eskaera txikitu egin da eta saldu gabe dauden etxebizitzen eskaintza soberakinduna da”, esan du Gobernu bileraren ondorengo agerraldian.

Egoera hori kontutan izanda, plan beharrak etxebizitza babestuen parkea “eraikitzea” aurreikusten du. Batez ere eraikitako etxebizitzen parkean gauzatuko dira jarduerak, eta etxebizitzak sortzeko eta kudeatzeko eredua aldatzea bultzatuko da.

Jaurlaritzak alokairuari lehentasuna emango dio, eta eraikitako etxebizitzen birgaitzea, berritze eta leheneratzea sustatuko ditu, batez ere, “jasangarritasunarekin eta energia aurrezteko jarduerekin lotuta”. Halaber, etxebizitzaren arloko erakunde eta eragile guztien lana koordinatu nahi du, eta ildo estrategikoetako bat gazteei etxebizitza bat lortzeko aukerari eskainiko dio, gazteentzako alokairua eta babes finantzarioa emanez.

Planaren ekintza gehienak alokairua sustatzera zuzenduko dira; beraz, jabetza-erregimeneko soberakinak alokairura edo antzekoetara bideratuko dira. “Alokairua da aukerarik bideragarriena etxebizitza-eskatzaile askorentzat. Horregatik, planaren helburuak betetzeko 460.383.933 euroko aurrekontutik % 25 alokairua sustatzera bideratuko da”, azaldu du.

Azkenik, planak hutsik dauden etxebizitzen gaineko jarduerak aurreikusi ditu. Babestutako alokairura bideratu nahi ditu, Bizigune programaren eta merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren (ASAP) bidez, besteak beste.

Izan ere, gaur dekretu bat ere onartu du Jaurlaritzak alokairuari lotuta. Era horretan,  etxebizitza alokatzeagatik jabeari emango zaion gehienezko ordaina, hileko 450 eurokoa izango da aurrerantzean (orain arte 600 euro zen gehienezko ordaina). Gaur egun 5193 etxebizitza kudeatzen ditu era horretara Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Etxebizitza albisteak