Gizartea -

Indarkeria matxista: ekimenak

Arartekoak hezkuntza aldarrikatu du indarkeria matxista amaitzeko

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaroaren 25erako, emakumeenganako indarkeria arbuiatzeko. Indarkeria horrek milaka eta milaka biktima eragiten ditu urtean.

Indarkeria matxista
Indarkeria matxista
Indarkeria sinbolikoari adi egoteko eskatu dute

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Lamarca Arartekoak gazteen baloreen hezkuntza lantzeko deia egin du, ideia matxistak desagerrarazteko eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko.

Arartekoak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira kaleratu duen adierazpenean esan duenez, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko printzipioa eta balorea da gizartean, eta barruraino sartu behar da ideia hori emakumeen kontrako indarkeria ez betikotzeko".

Era berean, Arartekoak dei egin die herritarrei eta erakundeei "indarkeria matxista salatu dezaten, bakoitzak bere neurrian eta dituen baliabideekin".

Nafarroak indarkeria matxista mota "guztiak" gaitzetsi ditu

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, gaitzespen "irmoa" agertu du emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean, "gizartean dugun genero diskriminazio eta bereizketaren adierazpen larriena" delako.

Era berean, Teresa Nagore Nafarroako Familia eta Berdintasun Institutuko zuzendariak agiri baten bidez azaldu duenez, Foru Gobernuak indarkeria matxista "desagerrarazteko" lan egingo du. Horren harira, gazteen arteko indarkeria kasuei arreta berezia jarriko diete, eta 'Ez zait berdin' kanpaina sortu dute herritarrak arazo horren larritasunaz jabetzeko.

Bestalde, Iruñeko Udalak Azaroaren 25a kalea inauguratu du gaur Ermitagaña auzoan, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen omenez.

Bizkaian gazteak dira helburua

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko lanean lidergoa har dezatela eskatu die gazteei.

Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu duenez, "Foru Aldundia etengabe ari da lanean pertsonen kontrako eta giza eskubideen kontrako jarrerak, baloreak eta jokabideak desagerrarazteko".

Lan horretan lidergoa hartzeko eta Bizkaiko gizartean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, "elkartasuna eta konpromisoa" erakusteko eskatu die Pradalesek gazteei.

Bilboko Udalak, bere aldetik, erakunde guztiekin, elkarteekin eta herritarrekin "lanean jarraitzeko" konpromisoa hartu du, "gizartearen gaitz honi" aurre egiteko. Horretarako, berdintasunaren aldeko udal politika "aktiboak, parte-hartzaileak eta koordinatuak" sustatuko ditu.

Donostiak "puntu kritikoak" desagerraraziko ditu

Donostiako Udalak, berriz, indarkeria matxista kasuak gertatzeko arriskua duten "puntu kritikoak" desagerrarazteko konpromisoa agertu du gaur.

EUDEL

Azaroaren 25a dela eta, EUDELek adierazpen instituzional baten eredua bidali du euskal udal guztietara, Beldur Barik ekimenaren eta Berdinsarea/Berdintasunaren Aldeko Euskadiko Udalen Sarearen esparruan prestatutakoa.

EUDEL elkartetik gogorarazi dutenez, Beldur Barik Topaketa egingo dute azaroaren 30ean, larunbatean, Basaurin.

Puntu lilak Euskal Herri osoan

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta, indarkeria mota hori arbuiatzeko asmoz, mundu osoko hainbat erakundek, elkartek, agintarik... makina bat ekitaldi eta mobilizazio deitu dituzte.

Puntu lila, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa, Euskal Herri osoko herri, hiri, eraikin eta lagunek jarri dute ikusgai.

Eusko Legebiltzarrak puntu lila jarri du eraikinaren aurrealdean, Gasteizen, indarkeria hori arbuiatzeko.

Arabako Foru Aldundiko Gobernuaren Kontseiluak elkarretaratze isila egin du Aldundiaren Jauregiko eskaileretan.

ELA eta Euskadiko CCOO sindikatuek mobilizazioak egin dituzte. ELA Bilboko Arriaga Plazan izan da, 11:30ean. CCOOk margoz betetako puxikak jaurti ditu Cásate y se sumisa liburuaren azalaren kontra, Pio Baroja Plazan.

Euskal Herriko Bilgune Feministak hiriburu guztietan deitu ditu mobilizazioak. Bilbon, esaterako, manifestazioa abiatu dute 19:30ean Arriaga Plazatik, 'Ez dut ausart sentitu nahi, aske sentitu nahi dut. Feminismoak aske egiten gaitu' lelopean.

EiTB, ekimenekin bat

EiTBk bat egin du Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren aldarrikapenekin.

Radio Euskadin eta Euskadi Irratian, adibidez, programazio berezia egin dute horri lotuta. Besteak beste, tratu txarrak pairatu dituzten biktimen adierazpenak jaso dituzte.

Horrez gain, ETBko kateetan eta eitb.com-en ikur bereziak egon dira ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Donostiako Udala Indarkeria matxista Arartekoa Gizartea bideoak Genero indarkeriaren biktimak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Mundu matxista Bizkaiko Foru Aldundia EUDEL gaur