Gizartea -
Frankismoaren aurkako epaiketa
Martxoak 3 elkarteak Martin Villaren kontra deklaratuko du Argentinan
Azaroaren 28an joango dira Argentinara ministro frankistaren kontrako lekukotasuna ematera eta hura prozesatzeko eskatzera. Elkarteak hari leporatzen dizkio 1976ko martxoaren 3ko hilketak.
Erredakzioa
2010ean Espainiako Gerrako eta frankismoko "genozidioagatik eta gizateriaren kontrako krimenengatik" Argentinan irekitako auziaren baitan, Martxoak 3 elkarteko ordezkariek deklaratuko dute hilaren 28an. Rodolfo Martin Villa ministro frankistaren prozesatzeko eskatuko dute; izan ere, hari leporatzen dizkiote 1976ko martxoaren 3ko hilketak.
Martxoak 3 elkarteko kideek eskultura bat inauguratu dute larunbat honetan Gasteizen, Poliziak 1976ko martxoaren 3an hil zituen 5 langileren eta ondorengo manifestazioetan Tarragonan eta Basaurin hil ziren beste bi langileren omenez.
Biktimen senitartekoek atsekabetuta agertu dira ez delako posible izan errudunak Espainian epaitzea eta "Espainiaren inpunitate eredua apurtzea". Hala ere, Maria Servini epaileak Argentinan ireki duen prozedurarekiko esperantza azaldu dute.
Bestalde, Estatuaren indarkeriaren biktimek pairatu duten tratu ezberdin eta diskriminatua zuzentzeko eskatu die Martxoak 3 elkarteak EAJ, Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariei. "Urraketa beraren aurrean, tratu eta aitorpen bera izatea eskatzen dugu; izan eren, hori da erabateko normalizazioa eta elkarbizitza lortzeko giltza", azaldu du.