Ekonomia -

ETXEBIZITZA

Gasteizek "Aste Santu inguruan" eskatuko du "hiri osoa" gune tentsionatu izendatzea

Borga Rodriguez Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu du "alokairu eskuragarria sustatzea" dela helburua. Oposizioak leporatu dio 2024an eskatzea hitzeman zuela.

Gasteizko Andra Maria kalea. Argazkia: EITB
Gasteizko Andra Maria kalea. Argazkia: EITB

Gasteizko Andra Maria kalea. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Borja Rodriguez Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak iragarri du Gasteizko Udalak "hiri osoa" gune tentsionatu izendatzea eskatuko diola Eusko Jaurlaritzari "Aste Santu inguruan", "alokairu eskuragarria sustatzeko" asmoz.

Horixe jakinarazi die Rodriguezek EH Bilduri eta Elkarrekin Gasteizi gaur udaletxean egin duten udal-batzordean.

Etxebizitza zinegotziak adierazi du eskaera hiri osoarentzat izango dela, eta eskaeran esleituko dituztela joera demografikoak, 35 urtetik beherakoen emantzipazio maila, analisi sozioekonomikoa, etxebizitza beharrak eta eskaria, hiriko etxebizitza kopuruaren eboluzioa, etxebizitza merkatuaren azterketa, eta martxan jarritako etxebizitza egitasmoen eragina, besteak beste.

Rodriguezen arabera, gune tentsionatu izendatzea "lehentasuna" da udal gobernuarentzat, baina ez dira orduan hasiko etxebizitzaren alde egiten, "Udala babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza sustatzen, Jaurlaritzari lurzorua ematen eta errehabilitaziorako laguntzak bideratzen" ari delako, "etxebizitzarako sarbidea errazteko" neurrien artean.

Xabier Ruiz EH Bilduren zinegotziak, berriz, "hitzemandako epeak" ez betetzea egotzi dio Udalari, "eskaera 2024a amaitu aurretik" egin behar zutelako. "PSE-EEk eta EAJk lasai eta motel jokatzen dute. Berandu dabiltza etxebizitzarako sarbidea bermatzen duten neurriak hartzeko garaian", kritikatu du, jada eskaera egin duten udalerriak zerrendatu aurretik.

Oscar Fernandez Elkarrekin Gasteizen zinegotziak ere eskaera "gehiegi atzeratzen" ari dela iritzi dio, eta "udal gobernua hartutako konpromisoa urratzen" ari dela, nahiz eta "ezinbestekoa" izan "alokairuaren prezioa ikaragarria" izanik.

Horren harira, Etxebizitzaren Udal Behatokiaren datuen arabera alokairu pribatuaren prezioa hilean 1.225 eurora igo dela azaldu du. "Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.381 eurokoa da; beraz, ia guztia joan beharko litzateke alokairura Gasteizen. Hori jasanezina da", azpimarratu du, "alokairuaren prezioa mugatzea" eskatu aurretik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gizartea Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Etxebizitza