Ekonomia -
GUTXIENEKO SOLDATA
ELA eta LABek gutxieneko soldata propiorako proposamena adostu dute: 1.500 euro hilean, 14 ordainketatan
Hilean 1.500 euroko soldata gordina (14 ordainketa) proposatu dute ELAk eta LABek ez ezik, baita ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ere. Orain arte, ELAk 1.795 euro proposatzen zuen, eta LABek, 1.600 euro.
AGENTZIAK | EITB Media
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gutxieneko soldata propiorako proposamena adostu dute: 1.500 euro hilean eta 14 ordainketa. Eskaintza bateratu horren helburua Confebask patronalarekin akordioa lortzea da.
Aipaturiko sindikatuetako ordezkariek gaur Bilbon egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, mahai gainean jarritako eskaintza "egingarria" da. Gaur-gaurkoz, lanbidearteko gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da. Orain arte, ELAk eta LABek, norbere aldetik, kopuru ezberdinak aldarrikatzen zituzten: ELAk 1.795 euro eta LABek 1.600 euro.
1.500 euroko gutxieneko soldata modu mailakatuan eta bi urteko epean ezartzea eskatuko dute, eta akordioa lortzeko asmoz bilera batera deitu dute Confebask patronala hilaren 20an.
Sindikatuen ordezkariek onartu dute ez dakitela Confebask bilerara agertuko ote den ala ez; izan ere, otsailean patronalak uko egin zion EAEn gutxieneko soldata propioari buruzko negoziazio mahaira joateari. EAEn lanbidearteko gutxieneko soldata propioa ezartzeak enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna arriskuan jarriko zituela argudiatu zuen orduan patronalak.
Confebasek erantzuna ezagutu zain, sindikatuek salatu dute Adegi, Cebek eta Sea patronalek uko egin diotela sindikatuekin elkartu, eta, beraz, proposamena entzuteari.
Bestalde, Imanol Pradales lehendakariaren eta Mikel Torres lehendakariordearen jarrera kritikatu dute, ez omen diotelako erantzun bilera bat egiteko proposamenari.