Ekonomia -
FINANTZAK
Eusko Jaurlaritzak aliantza bat osatu du sektore pribatuarekin 4.000 milioi euro mobilizatzeko
EAEren eraldaketa ekonomiko eta industrialera bideratuko du dirua, eta aurten 1.000 milioi euro gehiago izango ditu Finantzen Euskal Institutuak.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzak eta bederatzi finantza erakundek finantza aliantza publiko-pribatua osatu dute gaur legegintzaldi honetan 4.000 milioi euro mobilizatuta EAEren eraldaketa ekonomiko eta industrialean laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontuak aldatuko ditu Finantzen Euskal Kontseiluak 1.000 milioi euro gehiago izan ditzan, eta 3.000 milioi euro gehiago mobilizatuko ditu kapital eta aurrezki pribatuen bitartez.
Imanol Pradales lehendakariak egin du iragarpena Bilboko Burtsaren egoitzan egindako ekitaldi batean, eta bertan izan dira aliantzan parte hartuko duten gainerako bederatzi finantza erakundeen ordezkariak ere: Euskal BGAE Federazioa, BBVA, Laboral Kutxa, Kutxabank, BBK Fundazioa, Kutxa Fundazioa, Vital, BasqueFik eta Elkargi.
Lehendakariak esan du Jaurlaritzak "eredugarri" izan behar duela, eta ondorioz, gaur bertan hasi dituela izapideak Finantzen Euskal Kontseiluak beste 1.000 milioi euro izan ditzan.
Horren harira, zehaztu du 2025eko aurrekontuak aldatzeko lege proiektu bat onartu eta bidaliko dutela Eusko Legebiltzarrera, epe luzeko zorra handituz 1.000 milioi euro horiek eskuratzeko.
Azaldu duenez, baliabide horiek eraldaketa ekonomikoarekin lotutako inbertsioetara bideratuko dituzte soilik, bereziki teknologia eta industria sektoreetara eta aipatu eraldaketak behar dituen zientzia eta energia azpiegituretara.
"Gure helburua da, Draghi Txostenaren hiru/bat araua aplikatuz, 1.000 milioi euroko inbertsio publikoari esker gutxienez 3.000 milioi euro gehiago mobilizatzea kapital eta aurrezki pribatuetan, legegintzaldi honetan bertan 4.000 milioi euroko finantza indarra lortzeko".
Pradalesek esan du diru horrekin hiru norabidetan egin ahalko dutela lan: Euskadin enpresak geratzeko operazioetan, enpresen hazkunde aukerak aprobetxatzen, eta kanpoko kapitala erakartzeko eta proiektu estrategikoak sustatzeko tresnak sortzen.
Azaldu duenez, lehenengo pausoa izango da hori, baina ez bakarra, Eusko Jaurlaritzak ekimen gehiago jarriko omen baititu abian. Pradalesek gaineratu du gizarte-aurreikuspeneko EAEko erakunde guztiek 30.800 milioi euroko ondarea zutela autonomia erkidegoko aurreztaileentzat urtarrilaren amaieran.