Ekonomia -
LAGUNTZA PLANA
Jaurlaritzak iragarri du industria suspertzeko 500 milioi euroko laguntzak bideratuko dituela
Bereziki, enpresa ertain eta txikiei zuzendutako dirulaguntza plana da, eta zati handi bat (100 milioi baino gehiago) deskarbonizazioa sustatzeko erabiliko da. Mikel Jauregi Industria sailburuak kezka agertu du, besteak beste, Trumpek iragarritako muga-zergek izan dezaketen eraginarekin.
EITB Media
Europako industria krisi betean dagoenean eta muga-zergek munduko merkataritza eszenatokia hankaz gora jarri duten garaiotan, Eusko Jaurlaritzak industriari laguntzeko 500 milioi euroko laguntza plan berri bat onartu du. Helburua da euskal industria indartzea eta babestea, "batez ere, kanpotik datozen hodei beltzei aurre egiteko".
Hala iragarri du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian. Esan duenez, "Euskadiko industriari etorkizuneko erronketarako prestatzen" lagundu nahi diete, "teknologian, berrikuntzan, nazioartekotzean edo digitalizazioan" inbertsioak egin ditzaten. "Plan horretan, pisu handia izango du industriaren deskarbonizazioak (...) Enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituen gure industriaren aldeko apustua egiten dugu, eta baita trantsizio energetikoaren edo eraldaketa digitalaren ondoriozko erronkei aurre egiten ere", zehaztu du.
Ohi bezala, laguntza planaren katalogo osoa eskuragarri dago SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Jaurlaritzaren (euskadi.eus) web orrietan. Halaber, martxoan saio informatiboak egingo dira EAEko hiru lurraldeetan, interesa duten enpresei informazioa zuzenean helarazteko.
Sailburuaren arabera, dirulaguntzak enpresetara ahalik eta azkarren iristea nahi dute, eta horretarako, "tramitazioa asko arinduko" dutela ziurtatu du. Behin eskariak jaso eta kopuruak esleitutakoan, laguntzak jasotzeko epea gehienez bost hilabetekoa izatea nahi dute. "% 50 murriztuko ditugu epeak".
Kezkatuta agertu Jauregi, besteak beste, Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergek euskal industria sarean izan dezaketen eraginarekin. "Badakigu une historikoa bizi dugula, eta nazioartean dagoen ziurgabetasuna dela ziurtzat jo dezakegun gauza bakarra". Nolanahi ere, "2025eko aurreikuspenak onak" direla eta "hazkundeari eustea" espero dutela ere azpimaratu du. "Enpresen konfiantzak eta inbertsioak gora egingo dutela uste dugu, baina hau gerta dadin denok gogor egin behar dugu lan", gehitu du.