Ekonomia -

Mobilizazioak

BSHko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur, eta manifestazioa larunbatean, Iruñean

Mikel Irujo eta Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko kontseilariak Ezkirotzeko lantegiko zuzendaritzarekin bilduko dira gaur enpresaren egoera aztertzeko.

BSHko beharginen elkarretaratzea Eskirotzeko (Nafarroa) lantegiaren aurrean. Irudia: PCE-EPK
BSHko beharginen elkarretaratzea Eskirotzeko (Nafarroa) lantegiaren aurrean. Irudia: PCE-EPK
BSHko beharginen elkarretaratzea Eskirotzeko (Nafarroa) lantegiaren aurrean. Irudia: PCE-EPK

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BSHk Ezkirotzen duen lantegiko beharginek mobilizazioak iragarri dituzte, zuzendaritzak 600 langile baino gehiago dituen fabrika itxiko duela iragarri ondoren.

BSHko zuzendaritzak astelehenean jakinarazi zuen hozkailuak eta ontzi-garbigailuak fabrikatzeko lantegia ixteko prozesua hasteko asmoa duela, "lehiakorra izateari utzi" diola iritzita.

"Ezusteko" albistearen aurrean, sindikatuek aitortu dutenez, informazio-batzarrak egin ziren lantegiaren egoera aztertzeko, eta itxieraren aurkako lehen adierazpenak egin ziren, bai esparru sindikaletik, bai politikotik.

Itxieraren aurka protesta egiteko, langileek elkarretaratzea egingo dute gaur 12:00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta manifestazioa egingo dute larunbatean hiriburuko kaleetan zehar.

Nafarroako Gobernuaren eta lantegiaren zuzendaritzaren arteko bilera

Ingurumari horretan, Nafarroako Gobernuko ordezkariak BSH Ezkirotzen zuzendaritzarekin bilduko dira gaur. Exekutiboaren izenean, Mikel Irujo Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozial, Ekonomia Sozial eta Enplegu kontseilaria izango dira bileran. Jose Juste BSH Eskirotz lantegiko zuzendariak ordezkatuko du multinazionala.

Enpresaren egoera izango dute mahai gainean bi aldeek. Foru Gobernuak jardunari eusteko galdegingo du, konpainia alemaniarrak beraren gidaritzapean —baztertuta dagoen aukera— edota beste inbertitzaile baten eskutik.

Arratsaldean, enpresa batzordearekin bilduko da Irujo kontseilaria.

Alderdiek konponbideak eskatu dituzte

PSNk babesa agertu die BSHko langileei, eta Eskirotzeko lantegia ez ixteko eta enpresari bideragarritasuna emango dion inbertsio plan bat adosteko eskatu dio multinazionalari.

Ramon Alzorriz PSNren Antolakuntza idazkariak ohar batean gogorarazi duenez, BSHk lanean urteak daramatzaten "langile espezializatuak" ditu Nafarroan, eta, azpimarratu duenez, "ez dute amaiera hori merezi".

Alzorrizen hitzetan, enpresak erabilitako "lehiakortasun faltaren" argudioa inbertsio faltagatik da. "Lantegi bat bultzatzeko interesik ez badago, ez da inbertitzen, eta, jakina, merkatuan lehiakor izateari uzten dio", kritikatu du.

Hurrengo sei hilabeteetan lantegia ixteko BSHk hartutako erabakiaren aurrean, Miguel Garrido Zurekin Nafarroa koalizioaren Industria bozeramaileak gogorarazi du "BSHn bizi izandako prozesua zoritxarrez ezaguna den deslokalizazioa" dela.

Prozesu horietan, "multinazionalak lantegi batean inbertitzeari uzten dio, eta, ondoren, itxi egiten duela iragarri, enpresak berak eragindako ustezko lehiakortasun faltagatik". Horri dagokionez, zuzendaritza negoziatzera esertzea eta Nafarroako Gobernua langileentzako konponbideen bilaketan inplikatzea eskatuko dutela adierazi du.

BSHz gain, Zurekin Nafarroa kezkatuta dago beste lantegi batzuek bizi duten egoeragatik, besteak beste, Susundeguik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak