Ekonomia -
NAFARROA
BSH etxetresna fabrikatzaileak iragarri du Eskirotzen duen lantegia ixteko asmoa duela
Etxetresnak egiten dituen Alemaniako taldeak (besteak beste, Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea) argudiatu duenez, lantegiak "lehiakor izateari utzi dio". 655 pertsonak egiten dute behar bertan. Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek ez zuten erabakia espero.
Agentziak | EITB Media
Etxetresnak egiten dituen BSH taldeak —besteak beste, Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea— Eskirotzen (Esteribar, Nafarroa) duen lantegia ixteko asmoa iragarri du gaur, "lehiakor izateari utzi" diola argudiatuta. 655 langile ditu faktoriak.
Enpresaren zuzendaritzak gaur bertan jakinarazi die erabakia sindikatuei eta Nafarroako erakundeei, gutun bidez, eta antza, ezustean harrapatu ditu, inor gutxik espero baitzuen. Langileen ordezkariek asanblada deitu dute eguerdirako.
Multinazionalak ohar bidez azaldu duenez, "merkatuaren egoera zaila kontuan hartuta, eta gogoeta eta azterketa sakon bat egin ostean" hartu dute lantegia ixteko erabakia.
Horren arabera, "urteetan zehar hainbat agertoki eta neurri arretaz aztertu dituzte, baina egindako hobekuntzak gorabehera, BSHk Eskirotzen duen lantegiak lehiakor izateari utzi dio".
Hori horrela, sei hilabetez, ekainera arte, legeak ezarritako negoziazio prozesua abiatuko du enpresak. Zuzendaritzaren arabera, "hitz egiteko prest" izango da.
Epe horretan ontzi garbigailuak eta hozkailuak egiten jarraituko du enpresak.
Aldi baterako enplegu erregulazioko espedientepean, bi urtez
Ezkirotzeko BSHren langileek bi urte daramatzate aldi baterako enplegu erregulazio espedientearekin, eta orain heldu zaie itxiera espedientea. Aurrez, Etxarri Aranatzen eta Lizarran zituen lantegiak itxi zituen multinazionalak.
Iaz 14.890 milioi euroko fakturazioa izan zuen BSH taldeak.