Ekonomia -

DESKARBONIZAZIOA

Hidrogeno berdearekin lotutako teknologiak erosten dituzten enpresek % 30eko kenkariak izango dituzte

Eusko Jaurlaritzak Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratu berri du. Zerrendan jasota dauden teknologiak eskuratzeak % 30eko kenkaria ekarriko du Sozietateen Zergan. Zortzi teknologia berri batu dituzte dokumentura; horietatik bost, hidrogeno berdea sustatzeko.

Hidrogeno berdea sortzeko teknologiak erosteak kenkariak izango ditu. Argazkia: Petronor
Petronorren elektrolizagailua Muskizen.
Hidrogeno berdea sortzeko teknologiak erosteak kenkariak izango ditu. Argazkia: Petronor

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hidrogeno berdea sustatzeko teknologiak martxan jartzeko inbertsioek % 30eko kenkaria izango dute aurrerantzean Sozietateen gaineko Zergan. Kenkariok EAEn egoitza fiskala duten enpresei aplikatuko zaizkie abenduaren 26tik aurrera, orduan sartuko baita indarrean Teknologia Garbien Euskal Zerrenda berria, Jaurlaritzak eguneratu ostean. 

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun sailburuak prentsaurrekoa egin du gaur gobernu bileraren osteko agerraldian, eta bertan eman du tresna fiskal horren nondik norakoen berri. Zerga baliabideak trantsizio berdea sustatzea du helburu eta, aldi berean, teknologia garbietako inbertsioa azeleratu eta enpresei laguntza eman jarduera ekonomikoa sortzeko. Jaurlaritzaren azken xedea da "deskarbonizazio zuhurra" burutzea.

Sailburuaren hitzetan, "teknologia garbien zerrenda berria palanka bat izango da industria berria sortzeko, gure enpresak lehiakorragoak izateko eta deskarbonizazioaren aldeko apustuan aurrera egiteko, 2050erako neutraltasun klimatikoaren helburuari begira".

Zerrenda eguneratuan zortzi teknologia berri erantsi dituzte: bost, hidrogeno berdea sustatzeko, eta gainerakoak, elektrifikaziorako. Gainera, dokumentutik kendu dituzte jada zaharkituta dauden eta inbertsiorik ez zuten teknologia batzuk. Guztira, 64 teknologia jasotzen dira zerrendan. Horien artean, energia berriztagarrietako 11 teknologia daude, ekonomia zirkularreko 19 eta zero kutsadurako 29.

Jauregik zehaztu duenez, baina, "zerrenda malgua" izango da, eta urtero berrituko dute. Hala, iragarri du hainbat teknologia aztertzen ari direla datorren urtean zerrendara gehitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Enpresaburuak Industria Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak Energia