Ekonomia -
Ostalaritza greba Araban
Ostalaritzako grebak jarraipen txikia izan du eta gehiago nabaritu da eskola-jantokietan
SEA Arabako patronalaren arabera, grebaren jarraipena % 0,6koa izan da. Deialdia egin duten sindikatuek, ELAk, UGTk eta CCOOk, batetik, eta LABek, bestetik, adierazi dute eskoletako jantokietara bideratuta zegoela lanuztea, aisialdira baino gehiago, eta haietan jarraipena positiboa izan dela.
EITB Media
Arabako ostalaritzako lehen greba egunak ez du eragin nabarmenik izan Gasteizko eta Arabako taberna eta kafetegietan. Negozio gehienek normaltasunez funtzionatu dute, eta pertsiana bota dutenak gutxiengoa izan dira. Hala ere, sindikatuek zehaztu dute batez ere eskoletako jantokietan nabaritu da lanuztea.
SEA Arabako patronalaren arabera, grebaren jarraipena % 0,6koa izan da. Azpisektoreen arabera, tabernen, kafetegien eta jatetxeen % 0,9k eta hotelen eta ostatuen % 0,3k egin dute bat lanuztearekin, erakunde horrek ohar batean jakinarazi duenez.
ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, alde batetik, eta LAB sindikatuak, bestetik, ez dute zenbakirik eman, baina jarraipena positiboa izan dela adierazi dute; nabarmendu dutenez, gaurko greba eguna eskoletako jantokietara zegoena bideratuta batez ere, aisialdira baino gehiago.
Izaskun Beitiaren (ELA) arabera, eskola-jantokietan greba egin zezaketen ia emakume guztiek egin dute greba, baina, jantoki txikietako gutxieneko zerbitzuen ondorioz lanuztea ez da horren nabaria izan.
Deitzaileen arabera, Alde Zaharreko tabernetan nabaritu da greba eta , Gasteizko erdigunean oso ezagunak diren taberna batzuk bat egin dute lanuztearekin, hala nola Dublin eta The Bost jatetxea. Era berean, hoteletan ere nabaritu da eta bihar, horietako batzuek, ez dituzte gosariak emango.
Larunbatean, grebaren bigarren eguna
Bigarren greba-eguna larunbata izango da; bete-betean harrapatuko du Konstituzioaren zubia, bai eta Ardoaraba azoka ere. Hain zuzen ere bigarren greba egun hau izango da aisialdiko establezimenduei zuzendutakoa, hala nola tabernei eta jatetxeei.
Sektoreko 8.000 langileak grebara deitu dituzte bi greba egunetarako, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa desblokeatzeko, joan den asteartean SEA patronalarekin egindako azken bileran aurrerapausorik eman ez zelako.
Sektoreko langileek ez dute lan-hobekuntzarik izan 2020az geroztik, eta sindikatuek ordutik eros-ahalmena berreskuratzea eskatzen dute, KPIari lotutako igoerekin, hitzarmena sinatzean % 15,3an ezarriko litzatekeena.
Era berean, lanaldia nabarmen murriztea eskatu dute (gaur egun, 1.746 ordukoa), bai eta aldi baterako ezintasunagatiko bajen osagarria bermatzeko eta hitzarmena ez aplikatzearen inguruko klausula bat sartzeko ere, hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko.