Ekonomia -

Lan gatazka

Autobus zerbitzuan deitutako grebak jarraipen txikia izan du EAEn eta Nafarroan

Deialdia CCOO eta CGT sindikatuek egina da. UGT ez da batu deialdira, izan ere, aurreko astean, sindikatuak patronalarekin akordioa lortu zuen. Jaurlaritzak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta % 40koak (puntako orduetan, % 60koak), Nafarroako Gobernuak.

Pertsona bat Bilboko autobus geltoki batean, urriaren 29an, lehen greba egunean. Argazkia: EFE
Pertsona bat Bilboko autobus geltoki batean, urriaren 29an, lehen greba egunean.
Pertsona bat Bilboko autobus geltoki batean, urriaren 29an, lehen greba egunean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko autobus zerbitzuan gaur-biharretan deituta dagoen grebak jarraipen eskasa izan du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Deialdia CCOO eta CGT sindikatuek egina da.

CCOO sindikatuko iturriek azaldu dutenez, urriaren 29ko lanuztearekin alderatuta, grebaren jarraipena eskasagoa izan da. Oraingoan UGTk ez du bat egin deialdiarekin, ezta orain arte bezala ELAk eta LABek ere.

Bizkaian, foru aldundiak zabaldutako datuen arabera, goizean Bizkaibus zerbitzuko autobusen % 85 ibili dira errepideetan.

Bilbon, Bilbobus zerbitzuko ia autobus guztiak ibili dira goizeko txandan, 129tik 124, hain zuzen ere.

Araban, Alavabus zerbitzuko autobusak normaltasunez aritu dira, eta Gasteizko Tuvisa autobusetan, berriz, pertsona bakar batek egin du bat grebarekin goizeko txandan.

Gipuzkoan, hiriarteko zerbitzua ematen duten konpainiek normaltasunez jardun dute, Avanzak izan ezik. Kasu horretan, % 97ko parte-hartzea izan da.

Donostian, Dbus konpainiako langile guztiek lan egin dute goizeko txandan.

Nafarroan, Iruñeko autobus zerbitzua ematen duen enpresak azaldu duenez, normaltasuna ia erabatekoa da eta autobusen % 95 ari dira lanean.

Bigarren greba eguna, urriaren 29ko lanuztearen ondotik

Estatuko, eskualdeko, hiriarteko eta hirietako autobus gidariak grebara daude deituta gaur eta bihar, azaroaren 28 eta 29an, sektoreko langileen aurretiazko erretiroa galdegiteko. Hego Euskal Herrian % 30-40ko gutxieneko zerbitzuak daude ezarrita. 

Deitutako zazpi greba egunetako bigarrena da gaurkoa (lehena urriaren 28an egin zuten). Hilaren 11rako lanuzte bat zegoen iragarrita, baina bertan behera utzi zuten goialdeko borraskak eragindako txikizioa dela eta. 

Oraingo honetan, CCOOk (Estatuan % 40ko ordezkaritza du) eta CGTk deitu dute lanuztea. UGT eta SLT sindikatuek akordioa lortu zuten asteburuan patronalarekin, eta hala, deialditik kanpo geratu dira. Adostutakoaren arabera, Confebus, Anetra eta Atuc patronalek aurretiazko erretiroa eskatuko diete administrazioei errege dekretu berria indarrean sartzen denean. 

CCOOren ustez, konpromiso hori ez da nahikoa, errege dekretua otsailean edo geroago onartuko dutelako. 

Bi greba egun horien ostean, hiru lanuzte (abenduaren 5,9 eta 23) daude deituta. Akordiorik ezean, hilaren 23tik aurrera mugagabea izango da greba. 

Gutxieneko zerbitzuak Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak urrian ezarri zituen gutxieneko zerbitzuak, orokorrean % 30ekoa. Horiek dira, besteak beste, Bizkaibus, Euskotren, Lurraldebus, PESA, Bilbobus, Dbus eta Tuvisaren zerbitzuetan indarrean egongo direnak. 

Nafarroako Gobernuak % 40ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu lanegunetarako, % 30ekoak larunbaterako eta % 20koak jaiegunetarako (bihar, adibidez, jai da Iruñean). Dena dela, puntako orduetan, % 60koak izango dira. Erabilera bereziko garraio erregularrean, eskola garraioan eta desgaitasunen bat duten pertsonei zuzendutakoan, zerbitzuak ohiko martxan ariko dira (% 100). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Lurraldebus Euskotren Bilbobus Lan gatazkak Dbus TUVISA