Ekonomia -
Abeltzaintza
Bi mingain urdin kasu baieztatu dituzte Bizkaian, eta lurraldean nahitaezko txertaketa martxan jarri dute
Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak bi kasu positibo antzeman ditu Abantoko behi-ustiategi bateko txahaletan, hori bai, ez dute gaixotasunaren sintomarik.
EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu du atzeman dutela Abantoko behi-ustiategi bateko txahaletako bik mingain urdina dutela. Animaliek ez dute gaixotasunaren sintomarik. Infekzioa 8 serotipoarekin gertatu dela egiaztatu ondoren, nahitaezko txertaketa martxan jarri dute lurraldean.
Aurreko bi urteetan, ez zuten mingain urdin kasurik antzeman Bizkaian. Culicoides generoko eltxoen ziztadaren bidez behien eta ardien artean transmititutako gaixotasun biral bat da, eta bi hamarkada baino gehiago daramatza Iberiar Penintsulan. Eritasunaren eragina "serotipoaren eta kaltetutako espeziearen araberakoa da", Aldundiak azaldu duenez. Birusak ez ditu gizakiak kutsatzen, nahiz eta "animaliekin kontaktu zuzena izan edo horietatik eratorritako elikagaiak kontsumitu".
PCR bidez egiaztatu dira kasu biak, eta Abantoko etxalde bateko bi txahali dagozkie. Antza, amek ez zuten txertorik jaso, Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.
Bietako batek ere ez du sintomarik, eta identifikatutako serotipoa 8a da; beraz, Euskal Autonomia Erkidego osoa serotipo horren aurkako murrizketa-eremu gisa sailkatuta dagoenez, derrigorrezko txertaketa abian jarri dute lurralde historikoan.
Aldundiak 100.000 dosi baino gehiago erosi zituen Bizkaiko ardi eta behien zentsu osoaren immunizazioa bermatzeko, eta udaberritik bultzatu den borondatezko txertaketak 3.820 ardi eta 15.920 behi babestu ditu.
Atutxak zehaztu duenez, 8 serotipoak "ez du sintomatologiarik eman, eta, beraz, ez da hain arriskutsua", eta espero da hotza iristean gaixotasuna transmititzen duen eltxoaren presentzia murriztea eta "eritasun horren aurka babestuago" egotea.
Nolanahi ere, gutun pertsonalizatuak bidali zaizkie Bizkaiko abeltzain guztiei, "beharrezkoak diren neurrien eta murrizketen berri izan dezaten", besteak beste, abereak mugitzeko orduan.
Gipuzkoak hainbat neurri hartu zituen gaixotasuna kontrolatze aldera; izan ere, kasu bat atzeman zuten Oiartzungo abeltegi batean. Horren aurrean, hiru hilabete baino gehiago dituzten ardiak eta behiak txertatuko dituzte.