Ekonomia -
Lan gatazka
Aurrekoak baino jarraipen zabalagoa izan du Nafarroako irakaskuntza publikoko grebak
Milaka pertsonak hartu dute parte Iruñean eta Tuteran deitutako manifestazioetan. Lanuztea "arrakastasua" izan dela eta, Gimeno kontseilariari "proposamen berriak, serioagoak" eskatu dizkiote sindikatuek. Horien arabera, jarraipena % 60-65 ingurukoa izan da. Gobernuaren arabera, berriz, % 28koa.
agentziak | EITB Media
Nafarroako irakaskuntza publikoko profesionalek "jarraipen zabala" egin diote gaurko deituta zegoen grebari, aurreko lanuzteak —irailaren 26an egin zuten— izandako babesa gaindituta, sindikatuen arabera. Hori horrela, Hezkuntza Kontseilaritzari "proposamen berriak, serioagoak" egiteko eskatu diote negoziazio mahaian.
Foru Gobernuak, aldiz, % 28ra mugatu du grebaren jarraipena. Lanuztera deituta zeuden 10.670 irakasleetatik 3.015ek egin dute greba (1.710, Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 1.305, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan).
Nafarroako Gobernuak ez du gaurkoan adierazpenik egin. Bezperan, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria kritiko azaldu zen sindikatuekin. Salatu zuenez, "presio jarrera" erakutsi dute negoziatzen duten bitartean. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak "negoziazio borondateari" eusten diola azpimarratu zuen. "Orain arte kritikatu dutena egiten ari dira, gehiegizko neurri batekin, euren ordezkariak Departamentuarekin negoziazio mahaian jesarrita dauden bitartean, kontraesankorra da", adierazi zuen.
Sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu dute lanuztea (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT), eta, besteak beste, ratioak jaistea, zama burokratikoa arintzea eta soldatak hobetzea eskatu dute. 08:00etan hasita, pikete informatiboak egin dituzte, eta zenbait ikastetxetan gaua eman dute irakasleek, protesta gisa.
11:00etan manifestazioak egin dituzte Iruñean eta Tuteran (Iruñearen kasuan, hainbat zutabetan atera dira auzoetatik). Milaka pertsonak hartu dute parte Nafarroako hiriburuan deitutako martxan, eta Hezkuntzako egoitzaren parkinetik aterata, erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte Sarasate pasealekua lepo bete arte.
Proposamen berriak eskatu dizkiote Hezkuntzari
Josu Arraiza LABeko bozeramaileak azaldu duenez, "argi dago batasun sindikalak eta mobilizazioek emaitzak ematen dituztela. Bihartik aurrera Hezkuntza Kontseilaritzak birritan pentsatu beharko du proposamen berriak helarazi baino lehen".
Yolanda Errok (Afapna) jarraipen datuak hartu ditu hizpide. Erroren esanetan, "aurreko greban baino jarraipen zabalagoa izan dugu. Hezkuntza komunitatea jabetzen ari da ditugun arazoez, eta mobilizazio hauei esker, eskola publikoarentzat onena lortzen saiatzen ari gara".
"Irailaren 26ko mobilizazioa baino handiagoa izan da gaurkoa. Honek ez du atzera egin, dagokionak kontuan har dezala. Jarraipena handiagoa da, % 60-65 ingurukoa. Oraindik ezin dugu behin betiko datua eman", erantsi du Arraizak.
Lanuztea "arrakastatsua" izan dela argudiatuta, "proposamen serioago bat" egiteko deia egin diote Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. "Ezin zara negoziazio mahaira etorri eskubideak murriztuta. Hori da Gimenok egin duena, eta iraingarria da. 55 urtetik gorakoei murrizketa aplikatu nahi izan diete. Ez da onargarria", salatu du.
Nafarroako Gobernuak 2025erako aurrekontu akordioa ixtear duela eta, sindikatuek uste dute euren aldarrikapenak kontuan hartu behar direla.
Arratsaldean (17:00etan) martxa bat deituta dago Nafarroako hiriburuan, autobus geltoki zaharretik abiatuta.