Ekonomia -
EITB DATA
EAEko industriak ekoitzitakoaren % 40 beste merkatu batzuetara doa, batez ere Frantzia eta Alemaniara
Ekoizpenaren % 25 Espainiatik kanpo esportatzen da, eta % 15 beste erkidego batzuetara doa. Soilik % 7,5 dago EAEn kontsumitzera zuzenduta.
M. D. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko industriak ekoizten duen gehiena beste industria batentzat egiten du, industria-prozesuak balio-kate konplexuen bitartez lotuta daudelako, azken produktua lortu aurretik.
Oro har, bezeroa EAEn bertan dago; izan ere, ekoizpenaren % 50 EAEko beste jarduera ekonomiko batera bideratzen da, industrialera normalean.
Ekoitzitakoaren % 40 kanpora doa: % 15,5 Espainiako Estatuko beste merkatu batzuetara doa eta % 24,5 Espainiako mugetatik kanpo esportatzen da. Euskal esportazioen bi helmuga nagusiak Frantzia eta Alemania dira, EAEkoak zein Nafarroakoak. Industria-esportazioen bi heren hamar merkatutan kontzentratzen dira, baina bi erkidegoetako produkzioaren % 15 baino gehiago Frantziara eta Alemaniara bidaltzen da.
EBn daude gainerako merkatuak (Italia, Belgika, Portugal, Herbehereak, Polonia eta Suedia), baina Estatu Batuak, Erresuma Batua eta, EAEren kasuan, Mexiko ere lehen postuetan daude.
Euskal industriaren tipologiaren ondorioz, industria-sektoreko enpresek ekoizten dutenaren % 7,5 baino ez da EAEn zuzenean kontsumitzen.